Andoain Euskaraldia'22

Parte hartu Euskaraldian, eman izena!

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia 2022ko aza. 7a, 11:18

Euskaraldiko norbanakoen izen-ematea martxan izango da ariketa hasi bitartean. Parte hartu nahi duen herritar orok, txapa jaso ahal izateko, izena eman beharko du aurrez. 
 

Hamaika egun eskas geratzen dira ariketari hasiera emateko. Euskaraldia posible egiteko ezinbestekoa da txapa, hori izango baita herritarron identifikagarri: Belarriprest ala Ahobizi. Txaparen bitartez parte hartzen ari garela adieraziko dugu eta, horrela, guk eta gure ingurukoek modu erosoagoan egingo dugu ariketa. Andoainen 700 herritar baino gehiagok eman dute izena dagoeneko, eta egunez egun izen-emateak hazten doaz.
 
Euskaraldiko web orrialdean edo ZASAko lokalean
Bi modutara egin daiteke izen-ematea. Batetik, ohiko modura, Euskaraldiko web orrialdean eman daiteke izena. Datu gutxi batzuk bete eta rola aukeratu behar da. Minutu pare batean egin eta nahi duzuen unean txapa jasotzera pasa zaitezkete Euskaraldiko lokaletik. Izan ere, Andoaingo Euskaraldiak lokala ireki du ZASAn, Kale Nagusian, eta bertan ere izango da izena-emateko zein txapak jasotzeko aukera. Hemen duzue lokaleko ordutegia
 
Gogoratu: ez da gaitasun kontua soilik, jarrera kontua ere bada
Rola egoki aukeratzeak Euskaraldiko praktika ondo egitea dakar eta, beraz, arduraz eta konpromisoz aukeratu behar da Ahobizi ala Belarriprest izan. Euskaraldiak irauten duen hamabost egunetan Ahobiziek euskaraz hitz egingo dute euskara dakiten guztiekin, eta hortaz, lehen hitza euskaraz egingo dute. Belarriprestek, aldiz, solaskideei euskaraz entzuteko prestutasuna adieraziko dute eta haiek ere, nahi eta ahal beste erabiliko dute euskara. 

Belarriprest ala Ahobizi izango zara? Eman izena!
 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!