Euskaraldia 2025

“Izugarria izan da ariketak sortu duen mugimendua”

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia 2025

Atzo bukatu zen Euskaraldia, hizkuntza ohiturak euskarara gerturatzeko 11 egunetako ariketa praktikoa. Milaka lagun, boluntario, langile, bildu ditu beste behin ere ariketak, Santurtzitik Zegamara, Barkoxetik Tuterara. Harro egoteko moduan gaude euskaltzale guztiok. 

Euskaraldiaren lehen balorazioa egiteko Bilbon bildu gara Euskaraldiko koordinazio mahaia osatzen dugun erakundeetako ordezkariak: Irati Iciar Madinabeitia, Taupa euskaltzaleen mugimenduko lehendakaria; Javier Arakama Urtiaga, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea; Aitor Aldasoro Iturbe, Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikarako sailburuordea; David Aire, Euskararen Erakunde Publikoko mugaz gaindiko harremanen arduraduna; eta Jon Kobeaga Erkiaga, Euskaraldiko koordinazio orokorreko kidea.

Inoizko herri gehien antolaketa lanetan

Inoizko herri gehienek antolatu dute laugarren edizio honetako Euskaraldia. Benetan berri pozgarri da euskararen biziberritzean lanean dihardugun eragile eta norbanako guztientzat. Horrek esan nahi baitu, inoizko herri gehienetan piztu dela ariketaren beharra eta antolatzeko ilusioa. 450 herri izan dira, Euskaraldian murgildu direnak.

Esfortzu handia egin da mugimendua sortzen, herriz herri lanketa egiten. Euskaraldiko lantaldearen egiteko garrantzitsua izan da tokiz toki sortzen diren batzorde horiek hauspotzea, informazioa ematea eta aholkularitza eta laguntza eskaintzea. Horretarako, ehunka bilera egin dira batzordekideekin, ederra izan da Euskal Herriko txoko ezberdinak Euskaraldiarekin loratu direla ikustea, ederra tokian-toki sortu den mugimenduaren berri izan eta bidelagun izatea.

Euskal Herri osoko herri eta auzoetan euskararen inguruko mugimendua sortzea zen Euskaraldiaren lehen egiteko bat, garrantzitsua oinarria sortzeko, eta Euskaraldia zein bestelako ekimenak aurrera eramateko. Helburu honi erantzuteko asmoz sortu zen Euskara aktibatzaileen gida-liburua, eta liburuaren aurkezpenean bildu ziren, 2024ko irailaren 26an, 200 lagunetik gora Eibarren, Euskaraldiaren lehen urratsak emateko. 

Herri batzordeekin izan ditugun harremanetatik jaso dugu batzorde asko eta asko aurreko edizioetan bezain osasuntsu edo indartsuago aritu direla aurtengoan. 

Orokorrean batzordeen osasunaren seinale da tokian-toki sortzen den mugimendua eta ekintzak antolatzeko gogoa eta ahala; horri erreparatuta, herri eta auzoetan  ekitaldi andana antolatu dituzte. Horrek ekarri du euskaraz hitz egiteko aukerak biderkatzea 11 egun horietan ere.

Euskaraldiaren berrikuntza nabarmenetako bat izan da urtaro aldaketa, udazkenetik udaberrira pasa baita ariketaldia. Aldaketa oso ondo baloratu dute batzordeek eta gainerako eragileek, horrek aldartean eta giroan onura ekarri duelako bai herrian eta baita batzordekideen artean ere. 

Entitateak, goranzko bidean 

2020an, Euskaraldiaren bigarren edizioan, lehen aldiz proposatu genien entitateei Euskaraldian parte hartzeko. Uste genuen entitateak euskararen erabileran eragiteko ezinbesteko guneak zirela, bai entitate barruan euskararen erabilera zabaltzeko, eta baita bertako kideen artean Euskaraldiaren helburuak betetzeko ere. Eta asmatu genuen. 

Laugarren edizio honek erakutsi du, beste behin ere, mota guztietako entitateek euskararen erabileran jauzi bat eman nahi dutela eta hori ahalbidetzeko urratsak emateko prest daudela.

Euskaraldiaren laugarren edizio honetan 7.500 entitatetik gora berretsi dute Euskaraldian parte hartu nahi dutela, euren kideen artean Euskaraldia sustatuz, ikusgarri eginez eta euskara gehiago erabiltzeko pausoak emanez. Aurreko urteetako izen-emate kopurua gainditu du laugarren edizioak. 

Entitateekin izaten dugun harremana epe luzekoa izan ohi da, ariketaren aurretik ere lanketak eta elkarlana jarraia izaten baita. Entitate horietako askok adierazi dute Euskaraldian parte hartzeak entitatean euskararen erabilera areagotzeko urratsak ematen laguntzen duela. Berri ezinhobea da hori.  

Belarriprest eta ahobizi

Gaur gaurkoz ia 135.000 lagunen izen-emateak ditugu jasota laugarren edizio honetan; nahiz eta oraindik badiren jaso gabeko batzuk, paperezko orrietan eman zutelako izena, adibidez. Eta izena eman dutela aipatzen dugunean, diogu milaka eta milaka lagun horiek herritako mahaietan, ordenagailuaren edo mugikorraren bidez, berariaz euskaraldia.eus helbidean sartu eta euren datuak eman dituztela euskaraz gehiago hitz egin eta entzun nahi dutelako. Ikaragarria da hori. 

Besterik da, hala ere, parte hartu dutenen datua, izan ere, jakin badakigu, jende askok izenik eman gabe hartu duela parte ariketan: aurreko urteetan izena eman zutelako eta berriro ematea beharrezkoa iruditu ez zaielako, aurreko edizioko txapa etxean gordeta zutelako… horren adibide da txapa banaketa. Izan ere, herri asko eta askotan izen emateak baino txapa gehiago banatu dira. 

Beraz, horrek erakusten digu datuek esaten dutena baino jende gehiago dagoela euskararen erabileran jauzi bat eman dadin gogoz. 

Hala ere, nahi baino txapa gutxiago ikusi ditugu kalean, eta hori aztertu beharrekoa da. Zergatik pertsona batzuek txapa hartu bai baina gero janzten ez duen. Izan ere, askotan aipatu dugun moduan, txapa ezinbesteko elementua da ariketa modu eraginkorrean egiteko.

Dena dela, uste dugu, orain arte iritsi ez garen herritar geruza batera ere iritsi dela Euskaraldia. Orain arte parte hartu ez duten askok hartu dutela parte ariketan, izan entitatearen bitartez ezagutu duelako edo batzordea iritsi delako eurengana. Zabaltzeko beste pauso bat eman du, beraz, ariketak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!