HITZALDIA ETA SOLASALDIA: Ekonomia alternatiboen 2 eredu, hemen eta orain.

Erabiltzailearen aurpegia Fiare Banku Etikoa 2017ko mai. 21a, 02:00

Maiatzak 31, 19:00tan, Basteron.

FIAREn izenean Beñat Irasuegik hitz egingo du eta Nekane Martinezek GOIENERren izenean.

FIARE eta GOIENER ezagutzen ez dituzuonontzat, azalpen txiki bat.

FIARE BANKA ETIKOA beste banketxeak ez bezala, finantza-bitartekotzarako proposamen bat da banku etikoa, eta gizartea eraldatzearen alde lan egiten du. Horretarako, filosofia integratzaile batetik lantzen ditu kapitalaren bilketa, inbertsioa eta mailegua, eta justiziaren aldeko xede etikoetatik abiatuta, gainera. Ikuspegi horretatik, honako hauek dira banku etikoaren helburu orokorrak:

•Gizartean eragin positibo eta eraldatzailea izango duten jarduera ekonomikoak finantzatzea. Hau da, enpresa, jarduera eta proiektu sozial, ekologiko, kultural eta solidarioak bultzatzea, gure iparraldeko gizarteetan nahiz hegoaldekoetan giza garapena sustatzea, eta dirua baztertutako pertsonen eta haiekin lanean diharduten erakundeen eskueran jartzea.

•Arduraz aurrezteko eta inbertitzeko baliabideak ematea. Herritarrei halako jarduerak beren aurrezkiez bultzatzeko aukera ematea da kontua. Finantza-erakundeak aurrezki horiek nola erabiliko dituen erantzukizunez erabakitzeko aukera ematen du, bai eta injustizia bideratzen eta gure munduaren hondamenean parte hartzen duten jarduera edo enpresetan ez inbertitzekoa ere (arma-trafikoa, langileak esplotatzea, ingurumena suntsitzea, eta abar).

GOIENER berriz, energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatiba da. Irabazi asmorik gabeko energia kontsumoko kooperatiba bat da. Energiaren merkaturatzearen zatirik handiena enpresa handi batzuen esku dago orain, eta horiek beraien interes ekonomikoei begiratzen diete. Goienerrek, enpresa handiek egiten duten merkaturatze lan hori egiten du bere bazkide guztientzat, gardentasun osoz eta merkatuan erosten duen energia guztia berriztagarria dela ziurtatuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!