Unai Mendizabal zizurkildarra, Amaia Iturriotz, Iñigo Izagirre, Odei Barroso, Saioa Alkaiza eta Xabat Galletebeitia ariko dira nor baino nor igandean, Irurako kulturgunean. Saioa 17:30ean hasiko da eta bertan jakingo da zein sei bertsolari sailkatuko diren azaroaren 1ean Asteasun izango den finalera. Dagoeneko finalera sailkatuta daude Jon Martin eta Izarne Zelaia bertsolariak, Abaltzisketako kanporaketan lehenengo eta bigarren sailkatu baitziren, hurrenez hurren.
Saioa entzuteko sarrerak aretoan bertan salduko dira, saioa hasi baino ordubete lehenago eta aretoko ateak 17:00etan zabalduko dira. Antolatzaileek bertsozaleei nahikoa denborarekin ibiltzeko deia egin nahi diete, segurtasun neurri guztiak bermatzen lagun dezaten.
Bigarren kanporaketan kantuan ariko den bertsolarien artean Unai Mendizabal zizurkildarra dago. Zizurkildarrak sariketa honetan parte hartzen duen lehen aldia du eta bertso saio txukun bat egiten saiatuko da, beregan hain ohikoak diren umore zertzeladak tartekatuz. Igandeko saiotik zuzenean finalera sailkatuko dira lehen bi sailkatuak, eta beste bertsolariek puntuaziorik altuena lortuta eskuratu beharko dute finalerako txartela.