Azaroaren 1ean, Asteasun, txapelaren lehian nor baino nor ariko dira Amaia Iturriotz, Erika Lagoma, Iñigo Izagirre, Izarne Zelaia, Jon Martin eta Unai Mendizabal bertsolariak. Asteasuko frontoian izango da finala, 17:30ean hasita eta sarrerak salgai daude dagoeneko Asteasuko Patxine eta Iturri Ondo tabernetan, Zizurkilgo Iriarte jatetxean eta Villabonako Amasa
kafetegian.
Covid-19ak eragindako egoeraren inguruan suma daitekeen egonezina nabaria bada ere, antolatzaileek finala segurtasun berme guztiak betez egingo dela jakinarazi dute; “Asteasuko frontoian nahikoa espazio eta aireztapen sistema daude ekitaldia berme guztiekin egiteko, beraz, jendeari etortzeko gonbidapena egin nahi diogu” azaldu du Harituzeko koordinatzaileak.
Orain arteko bi kanporaketetan bildu den jende kopuruarekin gustura daude antolatzaileak eta txapelketa antolatu izanarekiko esker oneko mezuak jasotzen ari direla azpimarratu dute, bai bertsolarien baita bertsozaleen aldetik ere.
Igandean, txapelketari “merezi bezalako” bukaera ematea da helburu nagusia antolatzaile zein parte-hartzaileek azaldu dutenez eta horretarako, eskualdeko bertsozaleen parte hartzea ere beharrezkoa izango dela adierazi dute.