Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketak baditu irabazleak

Erabiltzailearen aurpegia Harituz Bertsozale Taldea 2020ko aza. 9a, 12:30
2019ko sari banaketako argazkia. Argazkia: Harituz.

Antolatzaileek bertan behera uztea erabaki dute abenduaren 4an egitekoa zen sari banaketa ekitaldia.

Musukoaren bizitza gaztetxoen mailan, Minaren ederra gazteenean eta Pluralean nabil helduen mailan, izan dira aurtengo Otaño bertso-paper sariketako sorta irabazleak. Hernandorena Kultur Elkarteak eta Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak antolatutako lehiaketak parte-hartze handia izan du VII. edizioan ere eta honako lan eta bertso-jartzaileak saritu ditu Harituz Bertsozale Taldeak osatutako epaimahaiak:

Helduen mailan

  1. SARIA: PLURALEAN NABIL - Oihana Arana
  2. SARIA: DENA ONDO DOANEAN - Ekaitz Goikoetxea

Gazteen mailan

  1. SARIA: MINAREN EDERRA - Aner Peritz
  2. SARIA: ANE PIRATA- Joar Garate

Gaztetxoen mailan

  1. SARIA: MUSUKOAREN BIZITZA - Beñat Mateos
  2. SARIA: ESKOLAZ KANPOKOAK - Mara Albistur

Gelen arteko mailan

  1. SARIA: SUKARRA ETA PATATUSA - Abaltzisketako herri eskola
  2. SARIA: GABONAK - Larraulgo eskola

Epaimahaia osatu duten kideek jasotako lanen aniztasuna eta kalitatea azpimarratu nahi izan dituzte. “Helduen mailan, esaterako, hamasei lan jaso dira eta gehienei intentzio komunikatibo handia antzeman diegu, sorta jorratzeko orijinaltasun eta dotorezia teknikoez gain”. Antolatzaileek aitortu dutenez, oso pozik daude jasotako lanen kopuruarekin eta lanen nolakotasunarekin eta hurrengo urteetan gaztetxo eta
gazteen mailak indartzea izango da helburu nagusia.

Gelen arteko mailan, berriz, Abaltzisketako eskolako ikasleek sortutako Atxusa eta Patatusa sorta izan da garailea eta Larraulgo eskolako ikasleek eskuratu dute bigarren saria, Gabonak izeneko sortarekin. “Urtero moduan, irudimen handiko eta kontakizun ederreko lanak jaso ditugu gelen arteko mailan eta zaila izan da horietatik bi bereiztea”, aitortu dute epaimahaiko kideek.

Sari banaketa ekitaldia abenduaren 4an Zizurkil Goiko kultur etxean egitea aurreikusita zegoen arren, antolatzaileek bertan behera uztea erabaki dute COVID19ak eragindako egoera dela eta. Horren ordez, bertso-jartzaileek euren sortak bideo bidez grabatuko dituzte eta horiek abenduko lehen astean argitaratuko dira Harituzen sare sozialetan zein eskualdeko hedabideetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!