Abenduaren 27an egingo da II. Pello Errota Bertsolari Txapelketako Finala

Erabiltzailearen aurpegia

Sarreren salmenta nola egingo den asteburuan zehaztuko dute antolatzaileek.

Azaroaren 1ean zen egitekoa aurtengo Pello Errota Bertsolari Sariketaren finala, Asteasun. Gobernuak ezarritako alarma egoera zela eta, antolatzaileek finala bertan behera utzi behar izan zuten, ordea. Orain, Gobernuak legeak malgutu dituenez, finala abenduaren 27an egingo dela iragarri dute Harituz Bertsozale Taldeak eta Asteasuko Udalak. Finala Asteasuko frontoian izango da eta bertan ariko dira kantuan Amaia Iturriotz, Erika Lagoma, Iñigo Izagirre, Izarne Zelaia, Jon Martin eta Unai Mendizabal. Aurkezle lanetan, berriz, Maddi Labaka ariko da.

Finalerako sarreren salmenta nola egingo den asteburuan zehaztuko dute antolatzaileek eta astelehenean emango dute salmenta bideen berri. Finala egiteko eguna aukeratzerako garaian, herrien eta erkidegoen arteko mugak zabalik egotea pisuzko arrazoia izan dela azaldu dute eragileek; “guretzat ez zeukan zentzurik finala herrien arteko mugak itxita egonda egiteak, bertsolarien familiarteko zein lagun taldeek ere egun horretan hemen egoteko aukera merezi dutela uste baitugu”.

Urrian egin ziren txapelketako bi kanporaketak, Abaltzisketan eta Iruran. Horietan eskuratu zuten finalerako txartela sei finalistek eta antolatzaileek saioetan giro “bikaina” izan zela azaldu dute. Finalean ere, horrela izatea nahi dute eta eskualdeko zein eskualdez kanpoko bertsozaleak sarrerak erosi eta saioaz gozatzera gonbidatu nahi dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!