Larraulgo eskola, bidean

Erabiltzailearen aurpegia Larraulgo Herri Eskola 2019ko aza. 14a, 10:02

Historian zehar zergatik berritzen dira behin eta berriro gai zaharrak? Nortzuk gara? Nora goaz? Kultura guztietan eta belaunaldi guztietan galdera hauek ziklo bat egiten dute eta berriz mahaigaineratu beharra sortzen zaigu. Egoera horretan gaudela pentsaturik, Larraulgo Eskolan jarraitu nahi dugun Hezkuntza Paradigma Berria konpartitzeari ekin genion duela hiruzpalau urte. Nor gara? Noruntz goaz? Norantz joan nahi du Larraulgo Eskolak?

Larraulgo eskolak hausnarketa sakona egin du. Urtez-urte aldaketak planteatzen aritu gara, beti ere, subjektua ikaslea izanik. Nola erantzun modu eraginkorrean Larraulgo Eskolako ikasleen beharrei? Nola erantzun hezkuntzak egun dituen erronka, eta aldi berean, gabeziei?

“Bidean” proiektua honen guztiaren ondorio da.

“Gurea” ez da metodoa, gaur eta hemen, ikasleekin modu eraginkorrean aritzeko modua baizik. Etengabeko aldaketa eta hobekuntza dira gure oinarri, beraz, gaur egiten dugunak bihar aldaketak izan ditzake, egoerak eta hobetzeko grinak horretara eraman gaituelako.

Metodo izatetik aldendu, eta unean uneko erantzuna eman nahi diegu Larraulgo ikasleei, gure ustez oinarrizkoak  eta bazter-ezinak diren oinarrizko printzipio batzuk kontuan harturik:

-       “Guztion eskola” printzipioa da gure zutabe nagusia.

-        Aniztasuna aberastasuna dela pentsatzen dugu.

-        Ikaslea jarri nahi dugu gure begiraden fokuaren erdi erdian.

-        Ikasle guztiak irakasle guztionak izatea nahi dugu.

-       Herriko eskola txikiak garela pentsatzen eta sentitzen dugu.

Herriari begiratzen diogun eskola izan nahi dugu.


Larraulgo Eskolaren errealitatea ikusirik, eta urte hauetan egindako hausnarketen bidetik, ezaugarri hauek ditu gure eskolak:

-    Tailerren antolaketa: ikasgelak tailer bihurtu dira. Ez dago ikasle mahairik, baina badago ikasleak lanean aritzeko lekurik. Ez dago arlorik, baina badago konpetentziak landu eta garatzeko gunerik. Liburutegia, Artea, Zientzia, Aroztegia, Mugimendua, Gorputzaldia eta Cooking. Horiexek gure eskolako gune eta tailerrak.
Saio espezifikoak: tailerrez gain, badira berariazko saioak. Hau da, ikasleak tailerrean lanean ari diren zenbait momentu baliatzen dira, lan talde txikitan, zenbait eduki edo landu beharreko aspektuak garatzeko. Saio hauetan, adina baino, ikaslearen erritmo edo garapen prozesua kontuan hartu da, baita ikasle bakoitzak dituen beharrak ere. Hala, hauek dira antolatu diren berariazko saioak:  matematiketan, irakurketa-idazketa eta ingelesa.  

-       Adin Aniztasuna: tailerrak lanerako eremuak dira, eta beraz, adin ezberdinetako ikasleak lanean, ikerketan edo hausnarketan aritzeko guneak dira. Horregatik, material anitza dute eskura. Ikasle guztientzako tailerrak antolatu ditugu (eta horretan jarraitzen dugu), guztiak eroso senti daitezen, guztiek zer egina izan dezaten. Tailerrak konpetentziak garatzeko gune dira, ikaslearen adina eta maila dena delarik ere.

Zirkulazio librea: ikasleek aukeratuko dute zein tailerretan lan egin, bertan zer egin edo zertan aritu. 

ETA BIDEA ELKARREKIN EGINGO DUGU.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!