Larraulgo Herri Eskolaren inaugurazio ekitaldia

Erabiltzailearen aurpegia Larraulgo Herri Eskola 2022ko ira. 14a, 13:41

Larunbat honetan, hilak 17, Larraulgo Herri Eskolaren inaugurazio ekitaldia egingo dugu. Pozgarria da egun hori zuek guztiokin elkarbanatzea. Larraulgo Herri Eskola bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik!

Guraso Eskolaren idatzia:

2008ko irailan zabaldu zituen ateak Larraulgo eskola zerbitzuak. Orain artean, Asteasuko Pello Errota ikastetxeko “ikasgela desplazatua” izan da. Eta, orain, eskola-izaera ofiziala eman dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak. Aurtengoa eskola-izaerarekin egingo duen lehen ikasturtea, eta honako izen hau eman dio ikastetxeari ikas-komunitateak: Larraulgo Herri Eskola. Beraz, aurrerantzean Euskal Herriak ikastetxe publiko bat gehiago izango du, eta Eskola Txiki bat gehiago izango da. Eskola izaera ospatzeko, ekitaldi berezia antolatu dute Larraulgo Herri Eskolak eta Larraulgo Udalak.

2008ko irailan, 2 eta 4 urte bitarteko 9 haurrek abiatu zuten Larraulgo eskola. Geroztik, 14 urte hauetan, 35 familiak eta 51 ikaslek hartu dute parte Larraulgo eskolan. Kopuru esanguratsua, Larraulek 250 biztanle inguru dituela kontuan hartuta. Hasieratik Eskola Txikia izan da Larraulgoa, eta adin aniztasunean ikasten dute bertan. Azken urteetan "Bidean" proiektua landu dute, eta bertako irakaslea den Koldo Rabadan Izagirrek “Bidean” liburua argitaratu berri du Argiarekin: bertan irakur daiteke eskolan irakasterakoan erabiltzen dituzten oinarriak. Eskolaren ibilbidea gogora ekarriko duen ekitaldi sinboliko berezia antolatu dute Larraulgo Herri Eskolak eta Larraulgo Udalak, egun osoko festa. Horren barnean, 12:30etan egingo den ekitaldi sinbolikoak Larraulgo Herri Eskolaren ibilbidea errepasatuko du eta parte-hartze aktiboa izango dute eskolaren zutabe diren lau eragileek: familia/familia-ohiak; ikasle/ikasle-ohiak; erakundeak; eta hezitzaile/hezitzaile-ohiak.

Larraulgo eskola zerbitzua 2008an zabaldu zen, eta berarekin batera Haurreskola ere bai. Hasieran, eskola zerbitzua 8 urtera arte soilik zegoen bermatuta, eta “aula desplazada” izaerak zail egiten zuen proiektuari egonkortasuna eta zegozkion baliabideak eskuratzea. Larraulgo eskola abiatu zuten 17 familiek (9 ikasleez gain, 0-2 urte bitarteko haurren gurasoek ere parte hartu zuten eskola martxan jartzeko) lan handia egin zuten urtez urte Hezkuntza sailarekin ikasturte bat gehiago luzatu eta horrela pixkanaka 12 urtera arteko zerbitzua eskuratzeko. Eta ikas-proiektuari egonkortasuna emateko, oso garrantzitsua izan zen Maikar Iurramendi, Josune Eizmendi eta Koldo Rabadan irakasleek bertan lekutzeko egin zuten apustua. “Aula desplazada” izanik ere, denborarekin Larraulgo Batzordea jarri zen martxan, erabakiak autonomiaz hartzeko eta batzorde horrek Larraulgo eskolaren “Organo Gorena” funtzioa betetzen zuen, bertan elkartzen zirelarik Larraulgo eskolako irakasleak, gurasoak, Larraulgo Udala eta Asteasuko Pello Errota ikastetxeko zuzendaria. 14 urteotako ibilbidearen ostean, gaur egun, Larraulen Haurreskola dago, baita 2-12 urtera arteko eskola zerbitzua ere, eta eskola izaera ofiziala lortu du: horrek erabakiak hartzeko ahalmen osoa emango dio eta eskola bati dagozkion baliabideak ere bai. Eta ikas proiektu berezia eta propioa dauka.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!