Ikastolak, eta jantokia kudeatzen duen Askora enpresak, urteak daramatzate elikadura osasuntsu eta kalitatekoa eskaintzen, bertako produktuari garrantzia emanez, eta ikasleetan artean kontsumo ohitura osasuntsu eta jasangarriak sustatuz. Guztia Mahi-Mahi jantoki eta jolastokien kudeaketa ereduaren bitartez. Egun, Zubimusuko ikasleek gozatzen dituzten menuen %50a prestatzeko, produktu ekologikoak edota bertakoak erabili dira azken ikasturteetan.
Apustu hau indartzeko asmoz, Errigora proiektuarekin hitzarmena sinatu da, honela, ikastolak beste 10 ekoizle txikiren produktuak gehitu ditu bere elikadura eskaintzara: Ablitaseko Nuestra Señora del Rosario kooperatiba, Cascanteko La Casa del Aceite, Arroitzeko Iturri Kontserbak, San Adrianeko Conservas Ebron, Argedaseko El Alcavaran, Beriaineko Martinelli pasta, San Adrianeko El Escolar kontserbak eta Dicastilloko Biosasunen produktuak.
Zubimusuko Mahi-Mahi jantokiaren eta Nafarroako Erriberaren artean sortutako zubiak, elikadura-subirotasuna bultzatzeaz gain, euskara bera ere elikatzen du. Errigora ekimenaren irabaziekin euskararen erabilera sustatzeko ekimenak bultzatzen baitira, euskara hizkuntza nagusi ez duen nafar eremuan.
Errigoraren elikagaiak menuetan txertatzeaz gain, ikuspuntu pedagogiko batetik ere egingo da lan. Mahi-Mahiko arduradun pedagogikoek garatutako materialen bitartez, ikasleekin bertako produktuak kontsumitzeak dituen onurak eta Zubimusuk eta Errigorak partekatzen dituzten balioak landuko dira: jasangarritasuna, herrigintza, lurraldearekiko konpromisoa, auzolana eta euskalgintza.
Errigora ekimena
Euskal Herria oinarri izanik, auzolana lanabes duen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz, eta eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz lortutako irabaziekin, euskara ofiziala ez den zonaldean eragitea du helburu. Urte sasoi ezberdinetan, kontsumo ohituretan eragin nahi duten kanpaina ezberdinak sustatzen ditu Errigorak, euskal gizartean bertako produktua kontsumitzeko ohitura barneratzeko. Kanpaina hauen funtsa, produktu eskariak egitea da, urte osorako behar dituzun olio, kontserba eta bestelakoez hornituz, erriberako ekoizleak babestu, eta Nafarroako hegoaldean euskarari guztion artean bultzada bat emateko.
Errigorako produktuak jantokiko menuetan eskaintzeaz gain, ikastolak modu aktiboan parte hartuko du Errigoraren kanpainetan, Amasa-Villabona eta bailarako familiak saskiak eskuratzera animatuz. Zubimusu Ikastolak eta
Informazio gehiago: Jokin Ayerregaray – 943 21 88 99