ZUBIMUSU Ikastola, Euskal Herriko lurralde guztietako ikastolekin batera, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko kide gara. Ikastolok aintzindariak izan gara EUSKARA eta EUSKAL KULTURAren transmisioan, baita berrikuntza pedagogiko, eleaniztasun, ikasmaterialen sorkuntza, IKTen erabilera, irakasle eta langileen prestakuntza etab.etan.
Hezkuntza integrala eskaintzen dugu, 0 urtetik hasi eta 16 urtera arte.
Ikastola 2ZIA da gurea, ikasleek beren ezagutza, gaitasun eta konpetentziak garatzen laguntzeko hezkuntza-xede duena eta bizitzan zehar aurkituko dituzten egoera konplexuei irtenbide egokiak eman eta erantzukizunez ekin diezaieten, helburu duguna.
Arlo akademikoa lantzeaz gain, gure ikasleak pertsona bezala, bere osotasunean, heztea dugu helburu, mundura irekiak izango diren pertsona euskaldun eleanitz, aniztasunarekiko enpatiko, kooperatibo, autonomo, konpetente, osasuntsu eta kritiko eraikitzaileak formatuz.
EUSKALDUNA, MUNDURA IREKIA
Ikastolan euskaraz hezi eta bizi gara eta euskaraz bizi nahi dugu gure herrian. Euskaratik eta euskal kulturatik, eta gainontzeko kultura nahiz hizkuntzei irekiak. Euskaran ardazturiko eleaniztasunarekin eta Euskal curriculuma oinarri izanik.
EUSKAL HERRIKOA
Euskal Herria bere osotasunean ulertzen eta lantzen dugu, Euskal Herri osoan hezkuntza euskalduna eta eredu propioa eskaintzen duten hezkuntza-erakunde bakarrenetakoak gara. EHIko ikastola guztiok parte hartzen dugun Elkartasun Kutxaren bidez, beharra duten ikastolak zein proiektuak laguntzen ditugu.
HERRIAN SUSTRAITUA
Heztea, ikastola eta familiaren betebeharra izateaz gain, herri oso baten ardura ere badela sinisten dugu. Horregatik, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo eragile desberdinekin elkarlanerako konpromisoa dugu.