Euskaraldia: Hamaika egunez euskaraz bizitzeko erronka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 4a, 02:00

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra euskaraz egiteko, euskaraz bizitzeko erronka zabalduko da Euskal Herriko txoko guztietara.

Gizarte ariketa erraldoia izango da Euskaraldia, eguneroko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa eskatuko duena. Hamaika egun horietan, hizkuntza ohiturak astindu eta euskararen aldeko ahalegina egitea eskatuko zaie herritarrei.

Euskaraz dakitenei edota ulertzen dutenei luzatutako erronka da Euskaraldia, eta hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa eskatuko du. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, lehen hitza euskara egin eta ahal den guztietan euskarazko elkarrizketak mantetzeko erronka hartuko dute ekimenean parte hartzeko izena ematen dutenek. Euskararen erabilera bultzatuz, hizkuntza ohiturak astindu eta ohitura berriak sortzea da helburua. Euskal Herri osoko ehunka herri murgilduko da ariketa horretan, baita eskualdean ere. Hamaika egun horiek, hizkuntza ohitura berriak sortzen hasteko bide izan nahi dute; horixe da Euskaraldiaren helburu nagusia.

Ahobizi, Belarriprest

Euskaraldiak iraungo duen hamaika egunetan, bi figura edo rol abiaraziko dituzte, eta parte-hartzaile bakoitzak aukeratuko du bietako zein dagokion:

Ahobizi: Ulertzen duenari euskaraz egiteko konpromezua hartuko du, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei egindako lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiteko konpromezua ere hartuko du. Artean euskaraz izandako elkarrizketek euskaraz izaten jarraituko dute modu horretan, baina ohituraz erdaraz izandako zenbait elkarrizketa, euskaraz edo elebiz izango dira.

Hizkuntza ohiturak aztertzea eskatuko dio Euskaraldiak Ahobiziari. Aukera dagoen bakoitzean euskaraz aritzeko konpromezua hartuko du, hamaika egunez.

Belarriprest: Euskaraz ulertzeko gaitasuna du Belarriprestak. Hori horrela, euskara dakiten guztiei berari euskaraz egiteko gonbitea luzatuko die. Agian erdaraz erantzungo du, baina berari euskaraz egiteko prestutasuna erakutsiko du. Euskarazko elkarrizketak sortzen lagunduko du Belarriprestak.

Ohiturak astindu

Ahobizi edo Belarriprest rolak sortuta, eguneroko harremanetan, hizkuntza-ohiturak astindu, eta euskarazko komunikazioa sustatu nahi du Euskaraldiak. Euskal Herrian euskara ulertzen duen jende kopurua uste baino handiagoa dela ikustarazi, eta euskara gehiagotan erabil daitekeela agerian uztea da Euskaraldiaren helburuetakoa. Elkarrizketa baten lehen hitzak izan daitezela euskaraz eta ahal den guztietan, euskaraz izan daitezela jarraian etorriko direnak ere.

Ariketa pertsonala, baina babestuta

Hizkuntza ohiturak aldatzeak ariketa pertsonala eskatuko die Euskaraldian parte hartuko duten herritarrei. Euskararekiko konpromezua hartu eta eguneroko harremanetan ahalik eta euskara gehien erabiltzea da erronka. Hizkuntza ohitura berriak eraikitzen hasteko bidea izan nahi du Euskaraldiak. Hizkuntza ohiturak aldatzeko bide hori pertsonala izango den arren, taldean egiteko aukera emango du Euskaraldiak, bidea erosoago eginez.

Euskal Herri osoko ehunka herri dira Euskaraldian parte hartzeko izena eman dutenak. Familian, lanean, eskolan, dendetan, osasun zentroetan…, bakoitzak bere inguruan, bere harreman sareetan euskaraz egiteko konpromezua hartuko du, hamaika egunez.

Tolosaldeko herriek gogoz heldu diote egitasmoari: 26 herritan ari dira ekimena dinamizatzeko taldetxoak sortzen eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldian murgilduta ibiliko dira.

Hamaikakoa

Hamaika lagunek osatzen dute Euskaraldiaren lehen hamaikakoa. Modu pertsonalean eta borondatez, euskararen aktibazioa bultzatzeko urratsa eman duten pertsonek osatzen dute hamaikakoa. Euskaraldiaren enbaxadore izango dira, eta herritarren parte-hartzea aktibatzeko lehen deia egin dute. Lurralde ezberdinetako lagunek osatzen dute Euskal Herriko hamaikakoa: Dani Alvarez, La Basu, Mikel Arrasate, Pedro Miguel Etxenike, Zuriñe Gil, Aretz Igiñiz, Cris Lizarraga, Toti Martinez de Lezea, Eneko Sagardoy, Alex Txikon eta Arianne Unamuno.

Tolosalden

Ekimenaren aktibazio horretan, ordea, jende gehiagoren parte-hartzea izango du Euskaraldiak. Izan ere, herriz herri eta eskualdez eskualde ari dira osatzen eta aurkezten hamaikakoak. Hamaikakoen sare zabala osatzen ari da dagoeneko. Bakoitzak bere herrian euskara aktibatzeko konpromezua hartu du eta lanean hasita daude.

Horrez gain, Euskaraldian parte hartuko duten Ahobizi eta Belarriprest guztiei gonbitea egiten zaie, nork bere hamaikakoa osatu dezan, hizkuntza ohiturak aldatzeko garaian lagun izango dituen hamaika lagunen zerrenda osa dezan partaide bakoitzak. Guztien artean osatutako sarearen babesean euskara bultzatzea da xedea.
 

Ikurrak
{{IMG-41890}}

Ahobizi eta Belarriprest ikurra sortu dira, Euskaraldiak irauten duen bitartean soinean eraman ahal izateko. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Ahobizi edo Belarriprest ikurra soinean eramateko gonbita luzatu dute. Aurrean dugun pertsonak berehala jakingo du gurekin euskaraz egin dezakeela, badugula horretarako borondatea eta jarrera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!