Aita Larramendi, hurbilketa txikia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 4a, 02:00

Jon Unanuek Aita Larramendi euskaltzale eta pentsalaria hizpide izan zuen, Euskaraldiak Basteron ipini zuen erakusketan. Pertsonaia historikoa aldarrikatu nahi izan zuen Larramendi Bazkuneko lehendakariak, horretarako arrazoiak emanez.

Jon Unanuek adierazi zuenez, Larramendi idazle, pentsalari, hizlari eta eztabaidalari paregabea izan zen, eta berebiziko ahalegina egin zuen estrategia zehatz baten alde. “Euskaldunen eta bereziki gipuzkoarren kontzientzia piztu nahi izan zuen nortasunaren, tradizioen, hizkuntzaren, kulturaren arloetan. Artean, euskaldunak kontzientzia handirik gabe bizi izan ginela uste zuen Larramendik”.

Zergatik Larramendi, eta ez Garagorri?
Larramendiren biografiari buruzko datuak emanez ekin zion hitzaldiari. Manuel Garagorri Larramendi Leizotz auzoko Garagorri baserrian jaio zen 1690an. Bost urte zituela, ordea, familia amaren jaioterrira, Hernanira joan zen bizitzera.

Larramendi abizena hartu zuen beretzat, eta ez Garagorri. Horren zergatia argitzen digun azken ikerketa aipatu zuen Unanuek: “aitak, zor ikaragarria utzi zuen etxean, maitale izan zuen beste emakume batek jarritako pleito bat galdu ostean; zor horri aurre egin ezinik, familiak Hernanira jo behar izan zuen Garagorri baserria errentan utzita”. Hortaz, aitaren jokaerak eragin zion  Larramendiri Garagorri abizena baztertzea.

Mutikotan, Larramendi Bilbora bidali zuten Josulegunekin ikasketak egitera. Valladoliden, Palentzian eta Salamancan filosofia eta teologiako ikasketak egin zituen. Berehala Salamancan eskola ematen hasi zen, “izena eta ospea handia lortuz, irakasle eta hizlari gisa”.

Gaztelako bizialdi hartan aukera izan zuen mendebaldean eta Europa eta Espainian indarrean zen kultura eta politika ezagutzeko. “Besteak beste, gaztelaniaren apologistak ezagutu zituen; Espainiako Inperioaren batasunerako hizkuntza bakarra, gaztelania, behar zela aldarrikartzen zutenak. Horientzat, gaztelera ez ziren beste hizkuntzak basatien hizkuntzak ziren”.

Apologista bihurtu
Diskurtso horrek sutan jartzen zuen Larramendi, eta horrela, “gaztelaniaren aldeko apologistei aurre egiteko euskararen aldeko apologia egitea erabaki zuen. Orduan jarri zuen bere bizitzako estrategia abian: 1728an Salamancan bizi zela, De la antigüedad y universalidad del Bascuence en España idatzi zuen. Bere tesiaren arabera, munduan dagoen hizkuntzarik ederrena, perfektoena, polifonikoena euskara da, eta hori defendatzeko historiari heldu zion, gure iruditeriako mitoak aipatuz. Horrela, euskara iberoarrek hitz egiten zuten lehenbiziko hizkuntza izan zen grekoarraren eta latinaren aurretik, Noeren illoba Tubalek ekarri zuena”.

Euskara prestigiatzeko ahalegin horretan, El imposible vencido liburua idaztea izan zen hurrengo pausoa, euskararen lehen gramatika. “Euskarari leporatzen diozue ezin dela arauetara makurtu. Baina nik erakutsi dizuet baietz. Horixe izan zen Larramendik zabaldu nahi izan zuen mezua. Oso hizkuntzalari ona zen, baina hortik ez zihoan bere benetako bokazioa; bera “animalia politikoa” zen, eta gaur esaten den bezala “hizkuntza politika” egin nahi zuen”.

Euskarak kanpoan zituen etsaiei aurre egiteko ez ezik, barrukoei begira ere idazten zuen. Izan ere, “ohiko fenomenoa gertatzen zen orduan: Euskal Herriko eta Gipuzkoako eliteko jauntxo asko Madrilgo kortean zeuden”.

Erreginaren aitorle
Garai hartan ohitura izaten zen elizaren inguruko kongregazioek beren elizgizonik diztiratsuenak erregeen inguruan edukitzea, aitorle edo aholkulari gisa. Bada, Jesusen Lagundiak, Larramendi, errege izandako Carlos II-ren alargun Mariana de Neoburgoren aitorle izendatu zuen. Horrela, Baionan erreginarekin urte batzuk egin zituen. Bizialdi haren ostean Loiolara bizitzera joan zen, berak halaxe eskatuta.

Loiolan, helburu zientifikotik baino gehiago politikotik zuen bere estrategiaren hurrengo pausoari ekin zion: Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence y Latin idatzi zuen, bi aletan, 1745ean. Unanuek adierazi zuenez, “Mitxelenak bere garaian zioen hitz asko asmatu egin zituela, baina azken urtetan ikerketak asko aurreratu dira eta frogatu da ondo ezagutzen zuela Iparraldeko literatur tradizioa eta herriz herri ibili ohi zela bilketa lanak egiten”.

Behin hiztegia kaleratuta, “euskaldunek euskaraz ez dute idazten” leloari egin zion aurre. “Literatur eskola sortu zuen, atzetik jarraitzaile ugari bilduz; hasieran eliz-liburuak eta katezismoak eta antzekoak idazten zituzten elizgizonak izan ziren, baina pixkanaka-pixkanaka, zibilak ere batzen joan zitzaizkion, Iztueta bat konparazio baterako. Esan daiteke, Hego Euskal Herrian euskarazko literatura Larramendiren eraginez sortu zela”.

Garagorrienea
Unanuek hitzaldiaren amaieran iragarri zuenez, Larramendi Kultur Bazkuna Garagorrinea izeneko egitasmoa darabil eskuartean. Larramendiren irudia, egintzak eta obra ezagutarazi eta guztia bere testuinguru historikoan ipini nahi da, euskaltzaletasunaren eta euskalgintzaren eredu bihurtzeko asmoz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!