Joxeba Lizeaga Iñistorra elkarteko kideak egin zituen aurkezle lanak : “Miela, euskal sustrai sendoko urnietarra izaki, mezu berezi bat igorri digu esanaz: Urnietako kaleetan euskara gutxitxo entzuten duela eta gure harremanetan euskara erabili dezagun ahalegintzeko eskatuz. Mielaren eskaria aintzat hartuz, eta Euskal Herri osoan antolatuko den Euskaraldia dela eta, Urnietan Euskaraldia antolatzeko abian jarri den taldeak aurkezpena egingo digu”.
Ekimena babestera Urnietako gizarte mailako hamaika eragile hurbildu ziren. Hauexek: Nahikari Garcia fultbolaria, Jon Jauregi margolaria eta musikaria, Karmiña Galiziatik etorritako euskaldunberria, Mikel Iturria txirrindularia, Garbiñe Izeta irakaslea, Aihotz Albizu Andoaingo Udal langilea, Mikel Ormazabal Erkidegoko Kristau Eskoletako zuzendaria, Arantxa Goenaga kulturgintzako ekintzailea, Julen Gabirondo sega txapelduna, Nahikari Sanchez dantzaria eta Fermin Zinkunegi musikaria.
Hamaikakotik Aihotz Albizuk adierazpena irakurtzeari ekin zion: “Aurten, modu berezian ospatuko dugu Euskararen Eguna: Euskaraldiaren bitartez, Euskal Herriko beste herri guztiekin elkarlanean antolatuta. Gaur, oholtza honetara igo gara zuek guztioi Euskaraldia aurkeztu asmoz, eta bide batez, urnietar guztiei jakitera emateko: Urnietan ere Euskaraldia antolatuko dugula, zeregin horretan jardungo den batzorde bat osatu dela, eta Urnietan ere, euskara dakigunok harremanak euskaraz egitea nahi dugula aldarrikatzeko”.
Jon Jauregik eman zion segida adierazpenari, Euskaraldian parte hartzeko xehetasunak eskainiz: “Baina zer da euskaraldia? Lehen esan bezala, Euskal Herriko herri guztietan antolatuko den ekimena, azaroaren 23tik abenduaren 3ra. 16 urte gorako andre eta gizon guztioi zuzendua dago eta partaideek ondoko konpromiso hauek hartu behar dute: Euskaraz dakienak edonori lehen hitza euskaraz egitekoa, horrela, Ahobizidun bihurtuz. Euskaraz hitz egiteko zailtasunak izan baina ulertzen dutenekin, euskaraz komunikatzea, nahiz erdaraz erantzun, posible dela frogatzea, horrela, Belarriprest bihurtuz.
Eta horretarako zer egin behar dugu urnietarrok? Konpromiso hori hartzen dugula adierazteko, izena eman behar da, antolakuntzak horretarako kalean jarriko dituen mahaietan edo internet bidez. Euskaldunok euskaraz hitz egin behar dugula konpromisoa gureganatu eta gure ingurukoen artean jarrera hori defendatu eta zabaldu. Urnietar guzti-guztiak gonbidatu nahiko genituzke Euskaraldian parte hartzera, bihar ere Urnieta euskaraz bizi den herri bat dela esan dezagun, esan dezaten”.