Urteko hitzordu nagusietakoa izan ohi da, hainbat herri eragilek ekimen ezberdinak aantolatzeko baliatzen dutena. Jaien hasieran, esaterako, ospakizunak Etxeberri plazara zabaldu ziren. Bertako guraso taldeari esker arratsalde pasa polita izan zen. Larunbatean, euriak bere agerpena egin bazuen ere, Zunbakoek animoz beterik ekin zioten saioari. Kanpo faktoreak aldeko ez direnean, gogoa izatea ezinbestekoa baita.
Eskertza mezua Udaletxetik
Mikel Pagola alkatea eta David Rosco zinegotzia:
"Urnietako Udaleko Gobernu taldeak eskerrak eman nahi dizkizue herritar guztiei beste behin jai eredugarri batzuez gozatzeko burutu duzuen ahaleginagatik. Eguraldia oso aldeko ez izanagatik, eta azken orduan aldaketa txikiren bat egin behar izan dugun arren, programatuta zeuden ekintza guztiak aurrera eramatea lortu da. Hori neurri handi batean herriko elkarteek egin duzuen lan bikainarengatik izan da eta guk esfortzu eta jarrera hori eskertu nahi dizkizuegu, zuen ekarpena funtsezkoa izan da eta. Horri esker jaiek iraun duten hiru egunetan Urnietako kaleak, giroz, kolorez, umore onez eta alaitasunez bete dira. Gainera, errespetuzko giro batean garatu dira festak eta arlo hori ere azpimarratu nahi dugu, guztion arteko elkarbizitza ezinbestekoa da eta. Beraz, eskerrik beroenak Gazte Festak posible egin dituzuen guztiei eta ekintza desberdinetan parte hartu duzuen guztiei. Bestalde, hilero ospatzen diren Jai Batzordeetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Bertan elkarlean jardungo dugu hurrengo jaiak prestatzen".