“Zimarroiak banaka harrapatzen genituen kainaberarekin”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 9a, 15:16

Aiako San Pedro auzoan jaio zen Manuel Iruretagoiena, 1981ean ezkondu geroztik Zizurkilen bizi dena. Lehorrekoa izanagatik, gazte-gaztetxotatik itsasoari lotuta bizitu da.

Argazkiaren egilea: Patxi Uranga.

Itsasoko gizona. Orain bost urte jubilatu artean, arrantzalea izan da Manuel. Eta nola zaletu zen? Bada, “eskola bukatu genuen garaian estudiatzeko gogorik ez eta eskabetxeran hasi ginen lanean. Denboraldi hartan, lagun zaharragoak itsasora joaten ziren eta ‘ni ere gustura joango nindukek ba’ esaten nuen nirekiko”. Koinatuak eta hainbat lagunek Orioko Gure Gogoa baporea hartu eta txalupa-mutil falta zebiltzala jakin zuenean hantxe abiatu zen Manuel, 15 urterekin lehenengoz itsasora. “Lehorrean pintxeak tailerra garbitu edo enkarguak egiten dituen moduan, antzeko lanak egiten nituen nik lehen urteetan baporean. Orduan 40 urte bertan egingo nituela esan izan balidate, ez nukeen sinestuko”, azaldu du. 1969an hasi eta 1990 urtera bitarte koinatuarekin batera ibili zen Gure Gogoan, gero Getariako Santana Berria baporera igaro eta hantxe aritu zen lanean jubilatu arte. Santana Berria Getariako baporerik onena dela gaineratu du, “Oraindik ere bai. Arrantzaleena, arrainik gehien harrapatzen duena”.

Arrantzan, artisau eran
Baxurako arrantzan aritu izan da beti Manuel, artisau eran, sare, kainabera eta bestelako erremintekin eskuz lanean, “banaka-banaka harrapatzen genituen kainaberarekin zimarroiak, tiki-taka, tiki-taka, segi eta segi; sarearekin, berriz, antxoa, sardina nahiz berdelak, bakoitza bere denboraldian”. Getaritik abiatuta, Burdeos aldera jotzen zuten lehen antxoaren bila eta haien norabidearen atzetik jarraitzen zuten “egunetik egunera kanporago, desagertzen ziren arte”. Gertuko nahiz urrunagoko itsasoak ezagutu zituen Manuelek. Esaterako, Gure Gogoa zaharrarekin, udazkenean Kanarietara jotzen zuten Bermeotarrak baporearekin batera. “Irlen jira horretan eta handik behera, Marokoko kostatik behera ere ibiltzen ginen arrantzan. Bi bider ailegatu nintzen ni Dakarrarera. 1970-73 bitartean, lau urtetan izan ginen han eta 74an hemen kostera ona zenez, bertan geratu ginen. Urte hartan Bermeotarrak atunetara joandakoan deskubritu zuten Azores, oraindik ez baitzen ezagutzen. Izugarri pila harrapatu zuten. Hurrengo urteetan gu ere joan ginen, baina neurriak gogortu zituztenean, joan gabe ere egon ginen urte batzuetan. Aspaldiko urteetan gertuago geratzen ginen”, azaldu du.
Han eta hemen, pila eta pilaka bildu izan zuten zimarroia edo atuna, “35.000 kilo ere harrapatu izan genuen garai batean. Hori bai, geratu ere egin gabe egiten genuen lan. Itsasoan ez dago geratzerik: aurrena arrantza eta haren atzetik jan eta lo”.

Belaunaldiz belaunaldi
Gaur egungo itsasontziak, lehengokoen aldean oso ondo egokituta daudela azaldu du, topera prestatuta daudela eta askoz ere erosogoa dela hauetan lan egitea, “lana egin behar da, baina egokiago. Esaterako, sareak eskuz bildu beharrean, makinak berak biltzen ditu”. Egunerokotasunean ere bada alderik, besteak beste, egunero dutxatzeko aukera. “Lehen kontuz inork ur gezarekin aurpegia garbitzen ikusi… Ni hasi nintzen urteetan ur gezarentzat 2000-3000 litroko tankea izaten genuen eta ezin zen nolanahi iturria ireki. Ur hura sukaldariak eta makinistak behar izaten zuten”. Astelehenetik larunbatera, astea itsasoan igarotzen zuen Manuelek hasieran. Astelehenetik ostiralera gero, astebururako etxera erretiratuz. Itsasoan ibiltzea baino gogorrago egiten zitzaion aste osoan zehar etxekoez ezertxo ere ez jakitea; arrantzale lanetan hasi zen garaian ez baitzen mugikorrik. “Behin mugikorrak hasi zirenean, itsasoan koberturarik ez bagenuen ere, lehorrean etxekoei deitzeko aukera izaten genuen”, adierazi du. Arrantzalearen lana gogorra da eta, egun, bertako gazte askok ez du langintza hori hartu nahi. Belaunaldiz belaunaldi, aitarengandik semearengana edo osabarengandik bilobarengana igarotzen zen lehen, baina patroi edo makinistak jubilatzerakoan, jarraipenik gabe geratzen dira asko orain. “Kanpoko arrantzale asko etorri da gure kostaldera, Dakar aldean ibilitakoak asko. Santana Berri baporea, betiko moduan, bertako arrantzaleekin mantentzen da oraindik ere”.

Itsasoa, etxe blokea baino altuago
Hemen inguruko kostaldetik kanpokoetara ateratakoan, itsaso ezberdinekin egiten zuten topo. Irlanda aldera maiz joaten ziren atunetara eta irailetik aurrera, inguru haietan itsasoak ikaragarri jotzen zuela aitortu du, “arraina baldin bada, ordea, joan egin behar da. Eguraldi onarekin hobeto ibiltzen da, baina txarrerako ere jarrita egoten ginen”. Kanarietatik etxera zetozten txanda batean, ezusteko latza izan zuten 1972an. Itsaso txarra egokitu eta etxera ailegatuko ez zela pentsatzerainokoa, “bueltan gentozen motel, geldo. Parean itsasoa etxe blokea baino altuago ikusten genuen. Baporea, berriz, geldi-geldirik, moztuz-moztuz. Gaua halaxe pasa genuen eta ‘etxera ailegatzen banaiz, ez naiz gehiago etorriko’ esan nuen. Gero ahaztu egiten da, ordea; gau gogorragorik etorri ezin daitekeela pentsatuta. Gau hartan Bilboko superportuaren kanpoko horma lehertu egin zuten olatuek; bada, guk gau guztia itsasoan igaro genuen”, gogoratu du. Gainerakoan zortedun sentitzen da, itsasoan igarotako urte luzeetan sekula ez duelako istripurik izan eta bajarik hartu.

Bale artean

Inoiz arrantzatu zuen arrainik handi edo bitxienaz galdetuta, Marokoko kostan harrapatutako 300 kiloko zimarroia aipatu du. “Sekulakoa zen. Ezin zen inondik ere harrapatu, baina azkenean lortu genuen geureganatzea”. Sarritan ibili izan zen bale artean, baleak baporearen ondo-ondoan zituztela. “Balea ez da arriskutsua, ez du kalterik egiten. Gehiegi gerturatuz gero, ezkutatu egiten da. Atunetan genbiltzanean askotan jarraitzen genien baleei, azpian eramaten baititu atunak askotan”. Baleen inguruan pasarte polit ugari du Manuelek, hementxe bertan, Kantauri itsasoan edo kanpoko uretan ikusi izan ditu. “Behin itsasoa izkira gorriz beteta zegoela, bi bale genituen baporearen alde banatan eta gu baino lehen iritsi ziren haiengana. Bat-batean ahoa zabal-zabal egin eta draust!, han ez zen izkira gorri gehiagorik agertu. Nola zabaldu ahoa, biak bate-batera, batak besteari itxaronda bezala. Akabo! Izkira denak jan zituzten... Hura zen ikuskizun polita! Bale handia eta umea ondoan topatu genituen beste behin. Itsasoa odolez gorri-gorri. Itxuraz umea egin berri zegoen ama”.

Itsasoa ikustearen beharra

Duela bost urte jubilatu zen Manuel eta itsasora beharrean hondartzara joaten da egun. “Hala ere itsasoa ikusi egin behar izaten dut eta izugarri gogoko dut Donostia aldera joan eta Paseo Berritik barrena ibiltzea. Ez dut arrantzarik egiten, baina gaztetxotan eskabetxeran ikasi bezala, etxekoentzat nahiz lagunentzat, potetan sartzen ditut urte guztirako antxoa eta hegaluzea”, aipatu du. Gainerakoan, ehizerako afizioa ere badu eta belaunek laguntzen dioten bitartean, txakurrarekin batera mendira joaten jarraitu nahi du.

Txapapotea kostan

2002ko azaroan Prestige petrolio-ontzia Galiziako kostaldean hondoratu zenean, nahikoa lan egin zuten arrantzaleek txapapotea jasotzen. Langintza hartan aritu zen Manuel bera ere, eta eguraldi onarekin, arrain bila abiatu beharrean txapapotea jasotzera ateratzen ziren itsasora egunero. “Eguraldi txarra zela eta egun pare batean itsasora ateratzen ez baginen, kostaraino iristen zen txapapotea. Itsasotik jaso izan ez bagenu, arrokatan itsatsita geratuko zen eta akabo orduan hemengo lanperna eta lapak”. Txapapotea ateratzea ikaragarrizko lana izan zela gogoratzen du eta barruan hondarra zuten ehundaka edukiontzi bete zituztela produktu beltz itsaskor hartaz, kamioiak kargatu ondoren, fintzera eramaten zutena. “Makina tonelkada bildu zen eta eskerrak! Galiziako kostan bat-batean harrapatu zituen herritarrak, baina gure kostara iristerako hura jasotzeko prestatu egin zen jendea”.

Zimarroia, hegalaburra eta hegaluzea
Itsasoa gertutik ezagutzen ez duenarentzat ez da hain erraza hegalaburra eta hegaluzea bereiztea. Manuelek begiratu hutsarekin nahikoa du. Atunari euskaraz hegaluzea esan ohi zaion arren, izen hori okerra dela argitu du. “Atuna hegalaburra da euskaraz, haragi gorrista duena. Guk zimarroia esaten diogu. Bonitoa, berriz, hegaluzea da, haragi zuri-zurikoa”.

Angulatan neguan
Itsasotik etorri eta negua iristen zenean, angulak harrapatzen ibili ohi zen Manuel Oriotik Aginaga tarteko errekan. “Orain ez dago joaterik, baina 80ko hamarkadan izugarri pila jaso genuen. 1981 urtean motorra erosi eta 15 bat urtez ibili nintzen angulatan. Orduan angula eta izkira asko izaten zen eta izkira Donostiako arraindegi batean saltzen genuen. Angularik ez. Orduan ez zuen inork nahi izaten eta ez zen apenas saltzen”. Motorrarekin hasterako nazkatu egin zen Manuel angulak jateaz, “angulak baino nahiago nuen beste edozer gauza. Saltzen ez zirenez, oso maiz jaten baikenituen. Orain, ordea, ederragoa da angula”. Angila egiteko Txina eta Japoniara eramaten dituzte egun angulak, Algecirasko atuntokietan harrapatzen dituzten zimarroi handiak bezala.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!