Andoaingo zirkuluaren aurkezpena egin zenetik hiru urte bete dira, eta maiatzeko Udal hauteskundeetara zuen markarekin aurkeztuko zarete. Prest zaudetela esan al daiteke?
Horixe da gure zikruluaren ustea. Denbora honetan guztian prestaketa lanetan aritu gara. Agintaldi honetan, esaterako, Udal politikagintzan parte hartzea izaten ari gara Ganemoseko eta Irabaziko kideen eskutik. Horrez gain, ordezkatzen dugun espazio politikoa ezin dela galdu uste dugu. Andoaingo udalgintza gure ordezkaritza gabe hankamotz geratuko litzateke.
Zein da Andoaingo politikari buruz egiten duzun analisia?
Andoainen ezer gutxi alda zitekeela entzuten genuen, politikan hasi ginenean. Ia-ia alderdi politiko guztiak berdinak zirela zioten. Baina ez da egia. Azken garaiotan Andoainen joera soziala handitzen ari da. Hala eta guztiz ere, parte hartzean sakondu behar dela uste dugu. Parte hartzeaz asko hitz egiten da, baina egin gutxiago.
Jeltzaleek eta sozialistek behin baino gehiagotan Podemosekoak izatea leporatu diete Irabazi eta Ganemoseko kideei, zergatik egiten duten oso argi egon gabe...
Hainbat plenotan ikusi dut hori. Zerbait txarra balitz bezala adierazten dute, hori dirudi. Eta euren buruaren kalterako dela uste dut. Olga Hernandezi itsusikeria modura esaten badiote, alperrik dabiltza. Podemosekoak izateaz oso harro gaudelako.
Gobernu taldearekin Udal aurrekontua onartu izana nola baloratzen duzu zuk?
Udal aurrekontuetan hainbat partida hobetzea lortu dugu. Gure aurrekontuak askoz hobeak izango lirateke, baina Udal gobernuarenak blokeatzearen aurka gaude.
Podemos alderdian haustura handiak izan dira. Andoainen, ordea, oso talde egonkorra duzue.
Zalantzarik gabe. Ez dago gure arteko lehiarik, eta barne hautaketa prozesuan oso argi geratu da hori. Zirkuluan leialtasun handia dago, eta hori miresgarria da.
Igande honetan hautagaitzaren aurkezpena egingo duzue.
Kale Nagusiko egoitzan izango da. 11:00tan hasita, ekitaldia herritar guztientzat irekia izango da. Hamaiketakoa eskainiko dugu, gainera.