Inauteriak 2019

Hungariako kaldereroak Andoainera heldu dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko ots. 26a, 15:18

Hungariako kaldereroak ostiralean heldu ziren Andoainera, Ondarretako ikastetxeko irakasle, ikasle eta gurasoen eskutik, urteroko usadioari eutsiz. Larunbatean, berriz, zaharren egoitzan bixita egin ostean, Goikoplazara igo dira Gora Kaletxiki txarangaren laguntzarekin. Udaletxeko balkoitik, bi erreginek Andoaingo udal hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu dute, Hungaria Askatua Edo Hil alderdiarekin.

Programa ere aurkeztu dute, eta hona zeintzuk diren euren zenbait proposamen: andoaindarrentzat nazionalitate bikoitza (hungariarra eta euskalduna), aireportua eta hondartza, autobus zerbitzua sagardotegietarako, egungo garraio sarea ezabatzea eta horren ordez Esteberen kamioneta jartzea, Sanjuanak kentzea eta Andoaingo Aste Nagusia antolatzea, Zumeako bi aparkalekuetako zuloetatik petrolioa ateratzea... Kudeaketa transparentea izango dela ziurtatu dute, gezurrik kontatuko ez duena, eta horretarako Baltasar erregea izendatuko dute bozeramaile.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!