Buruntza auzoak dozenaka baserri eta etxe ditu sakabanatuta, Urnietako mugara bitarte. Horietako gehienetara iristen saiatu ziren axeri dantzariak. Upategi, Larramendi, Goiargi, Luharbil, Zalbide, Elizagarate, Eguarastxiki, Elizagarateaundi, Serorategi, Arrieta, Gaztañaga, Eguzkitza, Lizarra, Gorostidi… Aldaba non jo, harrera ezin hobearekin egin zuten topo axeriek. Non baino non hamaiketako ederragoarekin gozatzeko aukera eduki zuten hogeita bost bat axeri dantzariek, eta horiekin batera ibili ziren hiru txistulariek ere.
Han-hemen ibili ostean, Buruntzako mendi puntarako bidean, bazterrean kokatzen den Gorostidi baserri atarian egin zituzten azken dantza eta kantu saioak. Festarekin amaitu aurretik, baina, baserri horretako semea den Unai Bengoetxeari une hartan bertan bideoz egindako grabazio bat igorri zioten; izan ere, gaztea Arabako bertsolarien txapelketan parte hartzekoa zen arratsaldean, eta animoak luzatu nahi izan zizkioten.
San Juan egunean Goikoplazan eskaintzen dituzten dantza eta jolas berberak errepikatu zituzten Puska biltzean: txingoa zenbaitetan, orratzakoa edo paseoa bestetan… Arin arin eta fandagorik ere ez zen falta izan.
Axeri dantzarien puska biltzeak inauteriek berezkoa duten giro festazale eta zirikatzailea zabaldu zuen larunbatean, eta kaldereroen konpartsak hartuko dio lekukoa larunbat honetan. Mozorroen tradizioaren sokak ez du etenik Andoain herrian.
Errotzen ari den tradizioa
Axeri dantzarien puska biltzea errotzen ari den tradizioa da Andoainen, eta etorkizuna ziurtatuta daukala dirudi. Baldin eta dantzariek baserriz baserriko errondarekin jarraitzen badute eta Sorabilla, Buruntza, Leizotz eta Goiburu Andoaingo lau baserri giroko auzotarrek larunbatean erakutsi zuten abegi onari eusten badiote. Festa alaia eskaintzeko moduarekin asmatu egin da. Erronka horri eustea da. Joan zen larunbatean ikusitakoagatik, luzerako bidea egiteko dauka puska biltzeak Andoainen.