Fani Jauregi, gertuko denda txiki baten agurra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 20a, 01:00

Fani Jauregik urriaren azken egunean itxi zituen Jauregi drogeriaren ateak, jubilazioa hartu baitu. Andoainen urtetan historiarik luzeenetakoa daukan denda izan da berea.

Oiz herrikoa (Nafarroa) zen Sotera Aristegi eta Gabiriakoa Inazio Jauregi, aita. Errenterian ezkondu, eta Andoainera etorri ziren bizitzera, Aingurasutegi kalera hain zuzen. Soterak etxepean ireki zuen drogeria eta pintura denda 1960an. Senarra igeltseroa zuen, eta dendako martxan ere parte hartzen zuen; bazekien karea eta aparteko pintura motak prestatzen, eta hori ederki eskertzen zuten bezeroek. Senarrak ez ezik, Lourdes eta Fani bi alabek lagundu izan zioten Soterari dendan, batez ere horiek koskortzen joan ahala.

Andoaingo emakume dendariak gaitzat hartuta martxoan Itxaso Mendiluzek Basteron atondu zuen erakusketan irakur zitekeen bezala, hizkera goxoko emakumea zen Sotera. Malerreka-Baztan aldeko bustidura zeukan bere euskarak, eta grazia berezia eragiten zien dendara hurbiltzen ziren bezeroei. Fanik gogoratu duen bezala, iraganean, auzo-dendak eros-leku izateaz gain, auzotarren topaleku ere izaten baitziren.

“Giza harremanak lantzen ziren, erosketak egin ala ez egin. Behin dendara sartuta, mostradorearen alde batean zein bestean zeudenek denbora hartzen zuten egonean egoteko; etxeko edo auzoko kontuak hizpide hartuta tertulian jarduteko, besteenak entzuteko, norberarenak aipatzeko... Gaur egun falta den patxada horretatik zegoen asko orduan. Nire adineko jendeak pixka bat eusten dio filosofia horri, baina esango nuke gazteek erabat galdu dutela. Beti presaka ikusten ditut”.

Trukearen kultura normaltzat hartzen zela ere aipatu du Fanik. “Igual Goiburu auzoko baserritarrak esne, gazta edo arrautzekin jaisten ziren, eta trukean, dendako generoa hartzen zuten”.

Kale Berria eta Aingurasutegi kaleko bizimodua

Egun, Kale Berria eta Aingurasutegi kaleko espazio hori nahiko zokoan geratu dela aitortzen du Fani Jauregik; batez ere Aingurasutegi. Berak dezenteko animazio zeukan kalea ezagutu izan du “Goiburura joateko hortik pasa behar izaten zen, oinez gehienetan, eta gainera, familiak bizi ziren Exkerranea etxeari erantsitako baserrian”.

Kale Berriak eta Aingurasutegi Kaleak osatzen duten espazio hori denda eta taberna mordoaz agertzen ziren garaiak bizitu izan zituen Fanik. Auzoari eta auzotarrei bizitasuna eta bizipoza eragiten ziotenak; jendea hona eta hara mugi arazten zutenak egun osoan. “Andoaindar batek eguneroko bizimodurako behar zituen zerbitzu gehienak topa zitzakeen inguru horretan. Egin kontu zenbatek zeuzkaten irekita ateak, gureaz gain: Exkerranea, San Cristobal eta Julian tabernak, Ariztimuñoren burdindegia, Ezekiel Urrutineko eta Perikoneko janari dendak, Ostaperen ileapaindegia, Jauregi harategia...”.

Kale-inguru horren iraganeko eta egungo panoramek zerikusi gutxi daukate, ordea, eta horrek penatu egiten du Fani. “Auzoak galdu egin du bizitasuna, Kale Berria dena husten joan da, eta bertan apenas sumatzen den jende mugimendurik. Kale Nagusira eta Zumea kale eta plazara pasa da jendarteko bizitza dena. Autoen pasabide bilakatu da Kale Berria, kasik”.

Denda txikiek, etorkizunik bai ote?

Denda txikien etorkizunaz galdetuz gero, itxaropentsu agertu da Fani, nahiz eta errealitatea iluna dela onartu. “Ez dira garai onenak, familia giroko komertzioentzat. Zaila dago espazio handiko saltokiekin lehiatzea, prezioei dagokionez. Baina sinistu beharra dago horiek eskaintzen dizuten gertutasunean, tratu pertsonalizatuan; badakizu topatuko duzun dendari hori bezero bakoitzarekin denbora hartzeko prest egongo dela; aholkuak emango dizkizula eskatuz gero, eta ez dizula edozer gauza esango erosteko asmo hutsez. Andoainen ezagutzen ditudan dendari gehien-gehienek profil horrekin kunplitzen dute”.

Jubilazioa hartu ostean zer?

Aspertzeko arriskurik ez dio ikusten bere buruari Fanik. “Beti izan naiz autonomoa, hona eta hara ibiltzeko; ez naiz izan etxean asko geratzekoa. Paseoak lagunekin, mendi ibilaldiak Euskalduna taldearekin… lehen bezalatsu jarraituko dudala iruditzen zait. Esaten didate berehala hasiko naizela ez dakit zenbat ikastaroetan izena ematen, eguna okupatuta edukitzeko antsietatea sartuko zaidala, baina oraingoz ez daukat halako sindromerik. Nire buruarekin oso ondo moldatzen jakin izan dut betidanik, eta ez dut uste aldatuko naizenik”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!