Azaroaren 16ko ekitaldian indar erakustaldi handia egin zen. Oso pozik egoteko modukoa da, ezta?
Oso ondo atera zen. Izen emate asko izan genituen eta txapen banaketa ere bertan egin genuen. Urnietarrei, eta ekitaldian parte hartu zuten dultzainajole eta buruhandiei, Egape dantza taldekoei, bertsolariei zein aurkezleari eskerrak eman nahi genizkieke. Beraiek gabe ez zen posible izango ekitaldia aurrera eramatea.
Eta nola ez, eskerrak eman edozein elkarteren izenean Hamaikakoan parte hartzera animatu ziren eragileei eta baita bertara gerturatu ziren urnietarrei ere.
Hamaikako ezberdinak osatu zenituzten, lanketa handia dago atzetik. Aurkezleak zuentzat txaloak eskatu zituen…
Bai, lana izan zen banaka-banaka elkarte bakoitzera hurbiltzea, baina azken emaitza ikusita, merezi izan du.
Indar handiko ekitaldia.
Nik baiezkoa esango nuke. Urnietak ez du euskara batzorderik eta ekitaldi honekin ikusi da herrian badirela euskararen alde egiten dutenak. Beraz, etorkizun batean egitasmoren bat sortzeko bidean, indarrak hartzeko ere balio dezakeela iruditzen zait.
Iritsi da herritarren garaia, euskaraz aritzeko garaia. Zein litzateke zuretzat lorpen handiena, akaso eguneroko ohitura txikiak aldatzea?
Euskaraldiarekin lor dezakegun lorpenik handiena Urnietan ahalik eta euskara gehien hitz egitea eta Belarriprestak ere euskarara gerturatzen joatea da. Euskara ez galtzeko hitz egin behar baita. Etorkizunari begira, euskara hamaika egun horietatik kanpo ere erabiltzea da xedea.
Aurreko Aiurrin herrikide asko Euskaraldiari buruz iritzia ematen aritu ziren. Horiek irakurtzean zer pentsatu edo hausnartu zenuen?
Poz izugarria eman zidan herritarrak bertan ikusteak. Herria Euskaraldiarekin dagoela ikusteak, parte hartzeko gogoz gainera, oso pozgarria da.
Gaztea zara, gazteen aldetik zer nolako inplikazioa sumatzen ari zara?
Hamaika egun hauetan gazte guztiok euskaraz egiten badugu, aurrerapauso handia emango dugula esango nuke.
Nola animatuko zenuke urnietarra, Euskaraldian parte har dezan?
Identitate propioa ematen digun hizkuntza zoragarria erabiltzeari uzten badiogu, identitatea galduko dugu. Hori gerta ez dadin, parte hartzera animatu nahi ditut.