Larunbatekoak entsegu orokorra zirudien. Zein analisi egiten duzu?
Lehen inpresioa jendea parte hartzeko gogo biziz dagoela da. Dagoeneko batzuk txapa soinean daramate, eta berez Euskaraldia ostiralean abiatuko da. Bestalde, ondo diozun moduan entsegua izan zen. Belaunaldi eta izaera oso ezberdineko jendea bat eginik agertu zen, eta horixe da Euskaraldiarekin hurrengo egunetan ikusiko duguna. Larunbatean atera genuen argazki erraldoian argi dago euskarak batu egiten gaituela.
Goikoplazan txapa soinean jantzita zeuden asko eta asko...
Gogoa dagoen seinale da hori. Izen-ematea zabalik dago, eta larunbatean bertan 70 lagunek baino gehiagok eman zuen izena. 450 patata eta txorixo razio banatu genituen, eta 17 lagun tarta bana ekartzera animatu ziren. Jende askoren inplikazioari esker larunbateko ospakizuna aurrera atera zen. Familia osoak ikustea pozgarria zen.
Andoaingo batzordea dinamikoa izaten ari al da?
Oso. Udaberrian hasita hamabost egunean behin biltzen aritu gara, eta azken egunotan buru-belarri txapak banatzen ari gara.
Dantza eginez emango diozue hasiera Euskaraldiari.
Euskaraldiko kantuaren osagarri, koreografia landu dugu. Kalea moztuko dugu dantza jendaurrean eskaintzeko. Horren ondoren, Euskaraldian izena eman dutenen kopurua aditzera emango dugu.
Pozik egoteko moduko datua izango al da?
Bai, ziur. Gure aurreikuspen guztiak bete direla esan dezaket. Oso gustura gaude.
Eta abenduaren 1ean musika eta bakarrizketa saioa Basteron.
Egunerokoan ingelesezko adiera ugari barneratu ditugun modura, gauza bera gerta daiteke euskararekin. Belarria jarrita lor daiteke hori. Mailu Arrutirekin batera, Soinuak taldeko musikariak eta Olagaingo txistulariak zuzenean arituko dira. Saioaz gozatu nahi duenarentzat oharra: Gonbidapena aldez aurretik Basteron hartu behar da.
Aurreko Aiurri astekarian hainbat eta hainbat pertsonaren iritzia bildu genuen.
Ilusio handia eragin zidan. Asko eta asko ezagutzen ditut, baina ez dut gertuko harremana haiekin eta Euskaraldiaren inguruan eskaini dizkiguten arrazoiak aberasgarriak iruditu zaizkit.