Igandeko ospakizunaren laburpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 23a, 01:00

Kultur, kirol eta gizarte mailako ehundik gora pertsona ezagunek bat egin zuten euskararekin. Haien izenean, Agirregomezkortak Euskaraldiaren aldeko adierazpena irakurri zuen. Urnietan 900 lagunetik gora dira Ahobizi edo Belarriprest arituko direnak

[Bideoa] [Argazkiak] Kronika:

Euskarak lagun askotxo ditu Urnietan, eta ia guztiek ere Euskaraldiarekin bat egin dute. Joan zen igandean, jaietan bakarrik lor daitekeen parte-hartzea ikusarazi zen San Juan plazan. Ia mila lagunek jarrera aktiboari eutsiko diote, azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Ez da datu makala, euskarak lagun asko dituen seinale. Lagunak, ordea, ez daude maitatzeko bakarrik. Maitatzeko, eta gozatzeko ere bai. Euskara erabiltzea, horixe izango da onena. Belarrian eta ahoan, euskara gogoan. 

Dantza eta bertsoa

Egapek, ohiko duenez, dantza erakustaldia eskaini zuen plazan. Oraingoan, Euskaraldiaren kantaren koreografia alaia eskainiz. Joxeba Lizeagak maisuki aurkeztu zuen ospakizuna, behin eta berriz Euskaraldian parte hartzeko deia luzatuz. Txalo zaparrada eskatu zuen Euskaraldia antolatzen dabiltzanentzat. Merezi dute. Ospakizunaren beste osagaietakoa bertsoa izan zen:

Fermin Argiñarena:

Urnietarrok esnatu gera,

plazan dago seinalea.

Konpromisoen garaia da hau,

bagera euskalzaleak.

Ta euskalduntzen hasi etxetik,

ta euskaldundu kalea.

Egunez egun jarri dezala

bakoitzak bere alea.

Joxe Mari Mujika:

Bakoitzak bere hondar aleaz

etorriko da ordaina,

ta Urnietan gertatu dana

ez ote dugu hazaña.

Politikoak ere alkartu,

denak batu alajaina,

orain belarrik presta ditzagun

eta dantzatu mingaina.

Andoni Mujika:

Plaza betea ageri da ta

danak alkartuta omen.

Eta euskaraz hitz egiteko

aukera badugu hemen,

dantza eta aditu aipatu dute

ezin da hartu atseden,

baina gauza ez da dantzatze hutsa

baizik nola dantzatzen den.

Bertso eskolako kideak

Izaskun Labat eta Gorka Iturbe kantari aritu ziren ere, Bertso eskolaren ordezkari gisa:

Bertso kantari nahi dugu 

guk Euskaraldia hasi.

Hamaika egun hauetan

aurreiritziak hautsi.

Nahiz batzutan iruditu

gaudela euskaldun gutxi,

gaudenon indarrarekin

behar dugu gogor eutsi.

Zuk aukeratu zer izan:

Belarriprest, Ahobizi,

ta gakoa non dagoen

ikusiz ikusarazi,

dakitenek hitz egin ta

ez dakitenek ikasi.

Adierazpena

Amaiera emateko, ehundik gora lagun seinalatuk konpromiso publikoa hartu zuten. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!