Aihotz Albizu, Ahobizi
Etxean euskaraz egin izan dut beti eta baita lantoki dudan Andoaingo udaletxean ere. Gaur egun edozein has daiteke euskara ikasi eta erabiltzen. Euskaltegira joan eta hitz egiten ikastera gonbidatuko nuke jendea, oso hizkuntza polita baita.
Arantxa Goenaga, Ahobizi
Baserrian jaiotakoa naiz eta ama-hizkuntza izan dut euskara. Baserrian eta lagunekin beti euskaraz egin izan dut eta egu- nerokoan ere euskaraz egiteko aukera daukat. Gaztelera eta ingelesa bezalako hizkuntzekin alderatuta, euskara da nire egunerokoan joku gehien ematen didan hizkuntza. Euskara hitz zein euskalki asko dituen hizkuntza da eta, batzuetan, hitz egiten ari zaren pertsonaren arabera, gehiago kosta badaiteke ere, era desberdin asko dituen hizkuntza da eta guztiak iruditzen zaizkit politak.
Fermin Zinkunegi, Ahobizi
Ikasten ibili nintzen garaian, aukera izan nuen euskara lantzeko. Behin Urnietara etorrita, musika dela eta ez dela, euskal giroan gustura sentitzen naiz. Egunerokoan, solasaldietan erdaldun bat egotea nahikoa izan ohi da inguruko euskaldunok gure hizkuntza utzi eta besteena hitz egiten hasteko. Hor bai sentitzen dudala kezka pixka bat. Euskara lasaitasunez hitz egin ahal izateko garaia da.
Garbiñe Izeta, Ahobizi
Haur hezkuntzako irakaslea naiz eta argi daukat euskararen ikaskuntzan lehenengo urteak oso garrantzitsuak direla. Horretan familien zeregina handia da. Mota guztietako haurrak izaten ditugu, batzuen ama-hizkuntza euskara da eta beste batzuena gaztelania. Atzerritarrak ere badira eta guztiak euskalduntzen saiatzen gara. Hobekuntzak ikustea oso pozgarria da.
Jon Jauregi, ahobizi
Txiki-txikitatik egin izan dut euskaraz familiarekin eta baita koadrilakoekin ere. Lagun artean hitz egin izan dugula, gure artean hikaz aritzen gara, baina generazio berrietan hikaz hitz egiteko ohitura galtzen ari da. Mundu globalizatuan heldulekuak edukitzea oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Nortasun erro horietan, euskara euskaldunon artean giltzarri da. Zaindu beharreko zerbait da euskara.
Julen Gabirondo, ahobizi
Familian, eskolan eta lagunekin beti euskaraz egin izan dut. Herri kirolen munduan entzuten ez dena gaztelania da. Gehienak baserritarrak izaten dira eta baserritarrek gazteleraz gutxi hitz egiten dute.
Euskara oso hizkuntza polita da eta badakigunez, baita erabiltzea ere. Badira euskaraz horren ondo egiten ez dutelako
lotsa sentitzen dutenak, baina horiek ere atrebitu egin beharko luketela iruditzen zait. Ez dakitenei zaila da exigitzea. Baina dakitenek, nahiz eta guztiz ondo ez erabili, saiatuz eta pixkanaka kon antza hartzen joango direla ziur naiz.
Karmina Senin, belarriprest
Betidanik gustatu izan zait euskara. Behin batean, kaletik nindoala, euskaraz abesten eta kantatzen irakasten zuten tailer batzuen berri izan eta izena ematea erabaki nuen. Probatu eta gustatzen zaidala ikusi dut. Oso polita da talde batean egon eta ingurukoek esaten dutena ulertzea. Adibidez mezara joaten naizenean, eta apaizak bi hizkuntzetan hitz egiten duenean. Zaila da, baina lortu nahi bada dena posible da. Kalera ateratzen naizenean euskarazko hitzak erabiltzen saiatzen naiz: Kaixo, egunon eta antzekoak.
Mikel iturria, ahobizi
Euskadi Murias taldean orokorrean nahiko giro euskalduna dugu. Taldean kanpotar batzuk ere baditugu eta horiekin erdaraz egiten dugu. Baina talde euskalduna da eta ahal den neurrian euskaraz egiten saiatzen gara. Taldearen bitartez, batez ere Europan, euskal kultura zabaltzeko aukera daukagu. Txirrindularitza erakuslehio polita da horretarako.
Mikel ormazabal, ahobizi
Hezkuntza arloan ikastetxeak euskaratzeko ardura izan dut nik. Bi esperientzia izan ditut. Bata Azkoitian; oso erdalduna zen ikastetxe erlijioso bat euskaratzea egokitu zitzaidan. Eta bigarren esperientzia Urnietan bertan, Salesiar ikastetxean. Momentu honetan hezkuntza munduko kudeaketan nabil eta kudeaketa horren helburua euskara bultzatzea eta inguruko erakundeek euskara erabiltzen hastea izango da. Beti tokatu izan zait hezkuntzaren inguruan lan egitea, proiektatzea, indartzea...
Orain dela hogeita hamar urte hasi nintzen irakaskuntzan eta ez genuen inoiz pentsatu orain lortu dugun guztia izatera helduko ginenik. Amestu genuena baino askoz ere gehiago lortu dugu. Egia da ikastetxeok dugula euskararen erabileraren ardura handi bat, baina ez da nahikoa. Saiakera gehiago egin behar da.
Gure gizartea, gainera, ez da orain dela hogei urte bezalakoa, izugarrizko aniztasuna dago eta aniztasun horretan ez dakit euskararen inguruan tentsionalitatea galtzen ari garen ala ez. Baliabideak jarriz, euskararen aldeko ekimen horiei guztiei babesa ematea eskatuko nuke.
Nahikari Garcia, ahobizi
Ikastolan hasi nintzen txikitatik euskaraz hitz egiten eta lagunekin ere beti euskaraz hitz egin izan dut. Realean ere saiatzen gara, egia da orain kanpoko jokalari asko ditugula taldean, baina euskaldunen artean euskaraz egiten saiatzen gara.
Futbolarien artean geroz eta euskaldun gehiago izatea onu- ragarria da. Besteengandik ezberdintzen gaituen tresna bat dugu eta hori zelaian erabili beharra dago.
Nahikari Sanchez, ahobizi
Etxean gurasoak euskaldunberriak dira. Amak ulertzen du, anaiarekin euskaraz egiten dut eta aitarekin batzuetan. Lagunei dagokienez, batzuekin euskaraz hitz egiten dut eta beste batzuekin gazteleraz.
Egape dantza taldean gehienbat euskara erabiltzen dugu. eta baita Poxta Zaharren ere. Festetan egiten ditugun ekintza guztietan euskara bultzatzen saiatzen gara beti.