Euskaraldiaren hazia lantzen ari dira azken asteetan, Urnietako batzordearen ekimenez bereziki. Hazi horretatik aterako den landarea laster loratuko da, azaroaren 23an hasita. Euskarak etorkizunean zuztar sendoak izateko, herrikide askok hizkuntza lantzeari ekin behar dio. Animoa ez da falta, hainbat gurasoren lekukotzari erreparatuz gero.
Miguel Angel Minguez, Belarriprest
Euskaraldia oso ekimen positiboa iruditzen zait euskara aktibatzeko, batez ere Urnieta bezalako herrietan, non gaztelania nagusi den. Nire ustez halako ekimenak denboran luzatu beharko lirateke, egunen batean, ahalik eta herritar gehienok Belarriprest edo Ahobizi garela esan gabe, euskaraz jarduteko gai izatea lortu ahal izateko. Pertsonalki, Urnietan haur eta gazteek gaztelaniara hain erraz zergatik jotzen duten ikertuko nuke, ze potentziala, egon, badago. Euskaraz jakitea da zailena, nire ustez, baina Urnietako gazte gehienek, denek ez bada, badakite euskara. Baina ez dute erabiltzen.
Hori zergatik gertatzen den ikertuko nuke, eta soluzioa ematen saiatu. Oinarria, egon, badagoelako.
Belarriprest, zergatik? Euskararekin zor bat daukatela uste dudalako. Ni bertakoa naiz, euskal herritarra, eta gehiago egin nezakeela sentitzen dut. Zerbait, ahal dudana aportatzeko unea dela uste dut, eta horregatik animatu naiz.
Euskara hobetuko al den itxaropenik ba al duzu? Bai, baina halako ekimenak denboran luzatzen badira, denok laguntzen badugu. Eguneroko ekimena behar du izan, kanpaina bereziez harago. Lehen hitza euskaraz egiten badugu, ikaragarri aurreratzen dugu. Elkarrizketa bat euskaraz hasten badugu, antzera, gaztelaniara pasatzeko beharra daukagun arte. Hasiera hori euskaraz izatea funtsezkoa da. Belarriprest izateak zure solaskideari, edo inguruari, jakinarazten dio ulertzeko gai zarela, baina mantso mintzatu behar dizutela. Ni Elduan aritzen naiz lanean, paper enpresa batean, eta lankideen %95 euskal hiztunak dira. Haiek ni belarriprest naizela ikustean nire euskara ere hobe daitekeela uste dut.
Izaro Egaña, ahobizi
Euskaraldia oso ekimen polita da. Entzun nuenetik, parte hartuko nuela banekien. Hamaika eguneko kontua da, agian motz samarra geratuko dena, baina egiten dugunok grinatsu aritzen bagara, lortu dezakeguna gauza handia izan daiteke. Horretaz aparte, aurrerantzean jarrai litekeen bide baten hasiera ere izan liteke.
Zergatik ahobizi? Uneoro euskaraz aritzeko gogoagatik eman dut izena, ze gaztelaniara jotzeko joera ikaragarria dugu. Kontzientzia handiagoa hartuko dugulakoan nago, eta horrekin inguruko jendea kutsa dezakegu, haiek ere euskaraz aritzera animatzea.
Ahobizi sentitzen garenon artean ez dut oso iritzi baikorrik sumatu. “Hamaika egunez egiteak ez du ezertarako balio, eta nik ez dut egingo” eta antzekoak, baino Belarriprest hautatu dutenen artean ausardia handiagoa sumatu dut, eta ekimen honetan haiek garrantzitsuagoak dira, besteok baino ahalegin handiagoa egin behar dutelako. Identi katuagoak daudela dirudi. Euskara saretzeko balioko al du? Baietz esango nuke, dena euskaraz egingo dudalako, toki batera edo bestera joan. Euskaraduna izan, baina gaztelaniara jotzeko joera duenak, euskaraz hitz egingo du, eta horrek, berez, aurrerapausoa suposatuko du. Txikia, baina aurrerapausoa.
Imanol Azurmendi, Ahobizi
Ekimen polita, euskararen erabilerari bultzadizo bat emateko aproposa, modu errazean. Bi hizkuntzatan aritzen garenok joera daukagu gaztelaniara jotzeko, eta ekimen honekin, euskara ikasten ari direnei indartsu jarraitzeko mezua zabaltzen lagun dezakegula esango nuke. Gutxirekin pixka bat egin daiteke, eta pixka bat asko elkartuz gero, asko lortuko dugu. Pareko lagunarekiko txipa aldatzea baino ez da.
Zergatik Ahobizi? Normalean gaztelaniaz aritzen naizen pertsona batekin euskaraz aritzea lortuta, konforme nengoke. Erronka hori lortze aldera, aletxo hori jartzeko asmoz eman dut izena ekimenean.
Euskara saretzeko balioko al du? Normalean bai. Gehiegi ere ez, baino pixka bat hobetzen bada, ongietorria izango da.
Laura Monteiro, Belarriprest
Ondo iruditzen zait. Jendea normalean ez da euskara hitz egitera animatzen, eta ekimen hau oso aproposa da ikasten ari garenontzat. Gustatu zait jarduera, eta izena eman dut. Lehen aldia da, ikusiko da zenbateraino den eraginkorra, baina 11 egun epe polita da jendea animatzeko. Gero gerokoak.
Belarriprest, zergatik? Euskaltegian ikasten ari naiz eta ondo moldatzen naiz euskaraz. Alabak ere esan dit, Belarriprest baino Ahobizi ere izan nintekeela, baina nahiago izan dut Belarriprest izan, jendeari niri euskaraz zuzentzeko asmoz. Ni urnietarra naiz, eta ezagunak diren gurasoak normalean gaztelaniaz hitz egiten didate. Belarriprest naizela ikusten badute, batzuk, edo askok, euskaraz egingo didate lehen hitza. Ahobizi iritsiko da, ze bi haurrekin dena euskaraz hitz egiten dut etxean.
Euskara saretzeko balioko al du? Handituko da, zeren eta atzera ezin du egin. Nigana gaztelaniaz zuzentzen zen norbait aurrerantzean euskaraz arituko balitz, ni konforme!
Jaione Lasarte, Ahobizi
Ekimen garrantzitsua euskaldunon elkar bidean euskara sustatzeko. Batez ere gazteen artean, internet eta sare sozialekin gaztelaniarako joera handia baitago. Ni gurasoa naiz, eta gazteen kaleko harremanetan ere euskara sarriago entzutea nahi nuke, ez bakarrik ikastolan daudenean. Hasiera baino ez da, baina garrantzitsua. Borroka luzea izango da, eta jarraikortasuna beharko duena, hizkuntza itzaltzen joatea nahi ez badugu.
Zergatik Ahobizi? Ni euskaldun zaharra naiz, baina ikasketak gaztelaniaz egin nituen. Joera handia dut elkarrizketetan gaztelaniara jotzeko, eta nire burua behartzeko, edo erronka batzuk jartzeko, ahalik eta tarte handiena euskaraz hitz egitea erabaki nuen. Nik, eta nirekin hitz egiten dutenekin, ahal den guztietan euskaraz hitz egiten saiatuko naiz.
Zure euskara sarea zabaltzeko balioko al du? Ikusiko da, baina helburua hori den neurrian, baiezkoan nago.
Amaia Rincon. Belarriprest
Eskola garaian euskaraz mintzatzen nintzen tarteka, baina nire inguruan gaztelania da hizkuntza nagusia. Horrek euskara ahaztea eragin dit. Egoera aldatzeko, Belarriprest izatea erabaki dut.
Zer iruditzen zaizu Euskaraldia? Ni bezalakoentzat oso lagungarria izango da. Euskaraz ondo hitz egiteko gai ez izateak, euskaraz ez hitz egitera eramaten gaitu. Euskaraldiak beldurra uxatzen lagunduko digu.
Joxerra De La Rica, Ahobizi
Gure arteko harremanak eta euskararen sarea handitzeko bada, beti izango da ona.
Zer iruditzen zaizu Euskaraldia? Alde batetik, euskaldun berri garenok armairutik ateratzeko aukera ona izango dugu. Beste- tik, euskaldun-zaharrek ere hizkuntza-ohiturak aldatzeko aukera ederra izango dute. Lehenengo hitza ematea beti da zai- lena, eta Euskaraldia lehen pausoa emateko lagungarria izango da.