Inauteriak 2019

Inauteriari deika

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lasa 2019ko ots. 27a, 17:41

Zartagiak mailuarekin jo eta jo ibili ziren Andoaingo kaldereroak. Edurne Murillo, Koro Aizpurua eta Joxe Angel Utielek ez dute inoiz hutsik egiten.

Andoaingo haur eta helduek Hungariako kaldereroen etorreraren usadioa berritu dute, beste urte batez. Ostiralean kalderero txikien txanda izan zen. Biharamunean, berriz, Andoaingo konpartsa Kaletxikin hasi eta kalez kale ibili zen.

Andoaingo kaldereroen konpartsak Juan Bautista Bataiatzailearen zahar egoitzan bisitaldia egin ostean, Goikoplazan kanpalekua ipini zuen. Bertan, kaldereroen ohiturarekin lotzen den kantugintza berritu zuten, eta bi erreginak udaletxeko balkoira igo ziren. Mintzaldian iragarri zutenez, Andoaingo udal hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztuko dute, Hungaria Askatua Edo Hil alderdiaren izenpean.

Programa ere aurkeztu zuten, irudimenez eta umorez beteriko proposamen sortarekin. Udal hauteskundeak irabaziz gero, hona Andoainen ezarriko dituen zenbait neurri: andoaindarrentzat nazionalitate bikoitza (hungariarra eta euskalduna); aireportu bat, autobus zerbitzua sagardotegietara; egungo garraio sarea ezabatu eta Goiburuko Exteberen kamioneta jartzea; Sanjuanak kentzea eta Santakrutzak oinarri hartuta Andoaingo Aste Nagusia antolatzea, Zumeako bi aparkalekuetako zuloetatik petrolioa ateratzea... 

Plazan bildu ziren kalderero eta herritarrek alderdi horren diskurtsoarekin bat egin zuten, eta ondoren denak Kale Nagusian behera abiatu ziren, Zuma plazaraino kalejira zaratatsua eta alaitsua osatuz. Bi egunetan kaldereroen zartagi hotsak Gora Kaletxiki txarangaren musikarekin uztartu zituzten.

Larunbateko ospakizuna amaituta, Andoaingo eragile gehienak inauterian murgildu dira.

Mozorroak bata bestearen atzetik

Haurrak eta gurasoak kaldereroetako helduen konpartsan

Familia giroan Joan zen larunbat arratsaldeko Kaldereroen konpartsaren kalejiran, gurasoek eta haurrek parte hartu zuten. Festarako gogoa ez zitzaien falta izan. Familia giroan gozatzeko moduko ospakizuna da.

Kalejira koloretsua Ondarreta ikastetxeko haurrentzat ezinbesteko hitzordua bilakatu da kaldereroen etorrera, eta ilusio handiarekin ospatzen dute. Eguraldia lagun zutela, ostiral arratsaldean kalejira koloretsua egin zuten Andoaingo herrigunean.

Inauterien atarikoa Ondarreta ikastetxeak ostiralean, eta Andoaingo konpartsak larunbatean, Andoaingo giroa alaitu zuten. Bidelagun izan zuten Gora Kaletxiki txaranga. Joan zen asteburuko ekitaldiekin inauteriekiko giroa berotuz joan da.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!