Noiz sortu zenuten Etxeberrieta auzo elkartea?
Marila: 2017an sortu genuen lehen festa, eta ondoren etorri dira auzoko festa guztiak eta baita elkartea bera sortzea ere. Bizilagun batzuk zerbait antolatzeko beharra aipatu zuten eta hemen gaude, gutxienez, urtean lau jai egun antolatuz.
Inauteriak, adibidez. Zer dela eta?
Estela: Herrian inauterietako igandean ekintzarik ez zegoela ikusirik, zerbait antolatzeko egun polita iruditu zitzaigun. Larunbat osoan herritik konpartsak ibiliko direnez, igandean herrian geratu nahi duenarentzat ondo pasatzeko aukera polita izan daiteke.
Auzo bizitza indartzeko asmotan, beraz?
Estela: Bai, garrantzitsua da auzoan giroa egotea. Bitxia da jende asko bizi den auzoa baita, baina inoiz ez da ekintzarik antolatu.
Nola antolatzen duzue eguna? Nori bideratuta dago?
Estela: 11-12 pertsona gaude elkartean, baina antolatutako ekintzetara nahi duen oro etor daiteke.
Marila: Portal bateko edo besteko jendea elkartzen joan gara. Lehen, gainera, ez genuen elkar ezagutu ere egiten, eta orain talde polita osatu dugu. Auzoari bizitasuna eman nahi diogu.
Marta: Urnietarrak ospakizunera gerturatzen badira oso pozik egongo gara. Elkarteak ere ateak zabalik ditu, laguntzera eta ideiak zabaltzera datorren edonor esku zabalik hartuko dugu.
Zein izango da aurtengo egitaraua?
Estela: 17:30ean hasita, txokolate jate solidarioa. Urnietan haurren minbiziaren ikerketaren aldeko Super H elkartea dago, eta aurtengo txokolate jatea elkartasun izaerakoa izatea erabaki dugu. Txokolatearen truke zerbait ordaindu beharko da, eta irabazi guztiak Super Hra bideratuko ditugu. Ordu horretan, bestalde, maskara tailerra egingo dugu. 18:30ean pintxo-potea eta, aldi berean, mozorroen desfilea eta sari banaketa ekitaldia.
Euriarekin Egape ikastolako jolastoki estalian egingo duzue festa.
Marta: Hori da, baina eguraldi txarra egiten badu jendeak ez du berdin erantzuten.
Estela: Festa eguna, bide batez, auzoko merkataritzari bizitza pixka bat emateko sortzen dugu. Giroa sortuz gero, jendea auzoko tabernetara gehiago gerturatzen dela antzematen dugu.
Bizilagunek zer nolako inplikazioa izaten dute inauteriekin?
Estela: Oso ona, beti laguntzeko prest daude. Familia txiki bat osatzen dugula esan genezake.
Nola animatu auzotarrak eta herritarrak inauterira?
Marila: Parte har dezatela, horrek gugan ere gauza gehiago antolatzeko grina piztuko baitu.
Marta: Beste herrietara joateko egun gehiago daude, eta aprobetxatu ditzatela herriko eta auzoko jaiak. Gainera gertuko bizilagunekin erlazionatzeko modu polita izan daiteke.