Sekretua da ala aurreratu al daiteke aurtengo inauterietarako mozorroa? mozorroen gaia, konpartsa.
Kristina: 80ko hamarkadako diskoteka garaia biziberrituko dugu. Dizdira askorekin eta ileordeekin.
Akademia da zuena, eta jakin dugunez gurasoak ere dantzan jarriko dituzue.
Kristina: Bai, etxean ibiltzen omen dira entseatzen.
Leire: Badira dantzatzera ateratzen diren gurasoak, eta beste batzuk inguruan ibiliko dira.
Zenbat izango zaretela aurreikusten duzue?
Kristina: 90 lagun inguru. 4 eta 15 urte bitarteko gaztetxoak gehienak eta, nola ez, animatu diren gurasoak.
Noiz aterako zarete dantza egitera?
Kristina: Arratsaldeko desfilean aterako gara, Txitibar plazan hasita.
Zenbat denbora eman duzue konpartsa antolatzen?
Kristina: Abenduan hasi ginen mozorroaren inguruan pentsatzen. Ondoren musika, koreografia eta gainerakoak lantzen hasi ginen.
Leire: Koreografia grabatu, akademian irakatsi eta etxean entseatu eta ikas dezaten bideoa partekatzen dugu. Horrez gain, karroza egiteko denbora behar izaten dugu.
Ideien sorkuntzan umeek laguntzen al dute?
Leire: Ez, hori gure lana izaten da. Umeekin batez ere akademian entseatzen dugu. Eta, horrez gain, bi entsegu orokor egiten ditugu.
Kristina: Ondarreta ikastetxeko jolastoki estalian egin ditugu entsegu orokorrak, gurekin dantzan aterako diren ikasleak konpartsaren mugimendura ohitzen joan daitezen.
Nola erakarriko zenituzkete andoaindarrak mozorroen desfilera?
Kristina: Oso polita dela adieraziz. Gu izango gara, gainera, lehenak ateratzen. Arratsaldeko 17:00etarako prest egon daitezela.