Amaia Senperena ANDOAIN
Nolakoa izango da larunbateko inauteri festa Irunberrin?
Iaz, lehen aldiz, bazkaria antolatu genuen. Orduan ez genuen mozorro berezirik edo gairik ipini. Aurten, ordea, hondartzako 'chiringuitoa' proposatu dugu. Tabernan bertan bazkalduko dugu, eta ahal den neurrian etortzen direnak gai horren inguruan mozorrotzea nahiko genuke.
Iazkoa proba modukoa izan zen. Koadrilek, normalean, Irunberri elkartean egiten dute bazkaria, eta iaz guztion artean egitea egoki iruditu zitzaigun. Aitzakia ona da bertara etorri, bazkaldu eta ondo pasatzeko. Jendea hasi da larunbaterako izena ematen, beraz gustura gaude.
Noiz arte dago izena emateko epea zabalik?
Hilaren 28ra arte aukera egongo da, eta asko jota 50 lagunentzako tokia izango da. 14:00ak aldera hasiko gara bazkaria eskaintzen. Gonbidapena irekia da.
Zertaz uste duzu mozorrotuko dela jendea?
Batzuk marrazoz mozorrotuko dira, beste batzuk sorosle moduan..., gehienak hondartza giroko mozorroekin hurbilduko direla uste dut.
Bazkariaz gain zein beste otordu eskainiko duzue?
Ostiralean eta larunbatetan afariak eskaini ohi ditugu, eta inauterietan ohitura horri ere eutsiko diogu. Hori bai, inauteri giroan.
Ekitaldi berezirik antolatuko al duzue?
Bai, arratsaldez eta gauez musika ipiniko dugu. Laket taldeko lagunak emanaldia eskaintzera hurbilduko dira.
Horrek jendea gerturatzera lagunduko al du?
Jaietan txoznak eta antzekoak izaten dira, baina inauterietan horren beharra sentitzen genuenez, zuzeneko musika eskaintzea ondo legokeela iruditu zitzaigun.
Larunbata egun indartsua izango da, beraz.
Bai, guretzat egun nagusia larunbata izango da. Eta espero dugu herrikideak hona hurbiltzea.
Eta nola animatu herritarrak parte hartzera?
Guk gure aldetik egun osoko festa antolatu dugu, eta andoaindarrak gurekin bat egitera gonbidatu nahi ditugu. Goizetik giro paregabea egongo da, familian eta herri giroan egite baitugu festa.
Ederki pasako dugu, denon artean festa polita eginez.