M8 2022

Bizitzak bizigarri izan daitezen

Erabiltzailearen aurpegia Alba Cabrera Jauregi 2022ko mar. 9a, 14:18

Inaxio Esnaolaren argazkia, Irutxuloko Hitzatik hartuta

Antiguoko tuneletik ekin zion bideari manifestazioak atzo arratsaldean, aho batez: “Gora borroka feminista!”. Eta hiriburuko kale kantoietan egin zuten topo aldarriek. Eguraldia lagun, jendez bete ziren etorbideak, atariak, bide-gurutzeak eta txoko txikiak, Bulebarrera ailegatu bitartean. “Zapaltzen gaituen sistemari sua. Antolakuntza feminista gure garra”, zioen lehen lerroan, irmo, pankartak. Eta, haren atzetik, hamaika su txiki. 

Argazki ederra utzi zuten orain bi urteko manifestazioek, indar kolektibo baten erakusle. Alabaina, inork gutxik aurreikusi ahal izan zuen pandemia medio, etenaldia egon zen gizartean eta bakoitzak bere (edo ahal zuen) kobazulotik egin zuen orro. Zamak utzi ditu osasun-larrialdiak, baina, era berean, are modu ageriagoan azaleratu dira zirrikituak eta gabeziak. Horiei guztiei eman zitzaien atzo su. Altxa zuzia! 
 
Askotariko eragileek antolatutako baterajotzea izan zen atzo Donostian, zaintza erdigunera ekartzeko. “Bizitzari eusteko erantzukizun kolektiboa eskatzen dugu, zainketen antolaketa soziala zeharkakoa izan dadin politika publikoetan, eta emakumeen gain eror ez dadin”. Negoziorako aitzakia izatetik urruti, eskubidea dela ekarri zuten gogora manifestazio amaierako irakurketan: “Zaintza-sistemak, ehuneko ehunean,  publikoa izan behar du, ordaindutako zaintza-lanen  ikuskaritza bermatu behar da eta lan-baldintzen kontrol zorrotzak ezarri. Gizonek zaintzarekiko erantzukizunak eta ardurak har ditzatela orain!”, zioten txalo eta txistu artean. Zaintza-lanen zein horretan diharduten kideen erregularizazioa bermatzea eskatu zuten, besteak beste, atzerritartasun-legearen amaierarekin.  Etxeko lanari ere aitortza egin zitzaion manifestazio bukaeran, lan-erregimen orokorraren barruan sartzeko eskatuz. Horregatik, eragileek babes osoa adierazi zieten Gipuzkoako zaharren egoitzetan borrokan dabiltzan emakume guztiei, administrazio publikoari dagozkion ardurak hartzeko exijitzearekin batera.

Bizitzak erdigunera ekartzeko ahaleginetan, erakunde politikoek izandako jarrera entzungorra salatu zuten, eta horren adibide da hiriburuko Emakumeen Etxea, zeinak hamaika urte daramatzan behin-behineko egoeran: “Etengabe bazterrera bideratzen gaituzte sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta kolonialista sostengatzeko ezartzen dituzten politika neoliberalek; indibidualismoa sustatzen dute komunitatearen kalterako”. Horregatik guztiagatik, antolatzen jarraitzeko beharra adierazi zuten, “feminismoetatik bizitzak bizigarri diren mundu bat eraikitzeko”. Hain justu ere, txikitik eragiteko deia egin zuten, sistema iraultzeko. 
 
Jendartearen ertzeetan dauden kideek hartu zituzten atzo Euskal Herriko kaleak eta plazak, herri txikienetik hasi eta hirigune jendeztatuetara bitarte. Nor bere izatetik, nor bere bizipenetik, garretik. Barreneko su-minak askatzeko, sareak ehuntzeko eta errenka dabilen sistema baten zimenduak, “paradisuak” kiskaltzeko. “Batzuena dena eta batzuentzat soilik eraikia”.   

Atzoko indar-hartzearen berotan, aje emozionalarekin bezain indartuta esnatuko dira gaur ziurrenik asko eta asko. Bada, izan bedi borrokarako grina atzokoan (eta martxoan) horrenbesteko indartsu urteko gainerako egunetan ere. Jarrai dezagun deserosoak izaten, kontraesanak iraultzen, arnasguneak sortzen. Elkar ureztatu gaitezen, sugarrak iraun dezan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!