Gure Esku Dago herritarren borondatean oinarritutako egitasmoa izanik, herri bakoitzeko ordezkarien zeregin nagusia, erreferendumaren aldeko iritzi, ekintza sorta eta indar uholdea bideratzea izango zen. Tamalez, ondo dakigunez, errealitatea ustearen gainetik pasa da berriro. Bolondresen lan ikaragarriak herritarren gehiengoaren indiferentziaren harresiarekin egin du topo.
Euskal Herriko eskualde abertzaleetako batean, Tolosaldean, oinarrizko eskubide baten alde konpromiso minimoa erakutsi dutenak, hau da sinadura erraz eman dutenak, 6.219 baino ez dira izan. Kopuru absolutoetan gutxi badira, erlatiboetan, portzentaian, erridikulotik oso gertu daude. Antolatzaileek aurkezpenean erakutsitako poza poseak tristura eragin zidan.
Egoerak zer pentsatzea eta zalantzak hedatzeko gogoa eman dit. Egiazko herriaren borondatearen alde ari gara lanean edo guk, gure harrokerian, herriari zer komeni zaion dakigunez, herritarrek erakusten ez duten borondatearen interpretazio libreari ekin diogu? Borondate izkutu horren aldeko egitasmoa da gurea. Despotismo ilustratuaren leloa, alegia “Dena herriaren alde, baina herriaren presentziarik gabe”. Ustezko herriaren borondatea bideratzea eta, sinadura mahaietara hurbilarazteko jendearen atzetik kaparrada ematen ibiltzea, gauza bera al da? Logika guztien arabera, ez. Agian herritarren nahia ez da norberaren erosotasunaren gainetik igarotzeko gai izan, teoriatik praktikara pasatzeko, alegia.
Testu honen tesi nagusia okerra dela frogatzeko deia egin nahi dizuet. Borroka honen helburua gu guztion borondatean oinarrituta dagoela, hain zuzen ere. Zaila da bizi garen ongizate gizarte honetan esfortzu kolektiborik eskatzea, baina ez dago beste biderik. Nahi dugu ala ez. Hori da gako nagusia. Gainontzeko atalak bigarren mailakoak dira eta lehenengoaren menpe daude. Erabaki dezagun erabaki nahi dugun ala ez.
Barkatuko didazue baina gaur, ezker hankarekin altxatu naiz. Ezkor noiz eta Aiurriko iritzi zutabea idaztea tokatu zaidan egunean. Ea martxoaren 20an artikulu hau jan behar dudan. Gure esku omen dago.