Gure inguru hurbil honetan, etsaia (politikoa edo ez) kalifikatzeko orduan guztien ahotan dabilen hitz bati buruzko gogoeta egin nahiko nuke opor aurreko ostiral honetan. Titulua irakurrita, ez duzue ustekabe handiegirik hartuko “Faxista” hitzari buruz ari naizela esaten badizuet.
Hitz horrek bere zentzua erabat galdu du. Edozein jarrera salatzeko, edozein pertsona nahiz erakunde iraintzeko, (berdin dit eskuindarra, ezkertiarra edo realzalea), modu arrunt eta naturalean hitz hori erabiltzen dugu, zer den gehiegi jakin edo pentsatu gabe.
Azken hilabete hauetan, gehiegi erreparatu barik, honako hauek izan dira “faxista” deituak komunikabideetan, kaleetan, tabernetan edo twitter madarikatu horretan: Ertzaintza, Goardia Zibila, Urkullu, Garitano, Olano, Sortu, Bildu, Ezker Abertzalea orokorrean, Gara, Yolanda Barcina, Atez Ateko sistema, Errauskailua, EITB, Adegi, greban dagoen edozein, piketeak, Rajoy, Kutxabank, Podemos, LOMCE, Wert, Diario Vasco, ukraniar ugari, Mas, Putin, Maduro, Castro anaiak, Rubalcaba, Juan Carlos Ia, Felipe VIa, Suarez, hainbat alkate,… Honek pentsatzera eraman nau. Denak igualak al dira? Denek egin al dute akats berdina? Zergatik “irain” bera jasotzen dute?
Baina zer da faxista izatea? Hitz horren jatorriari buruz ari bagara, XX. mendearen hasierako Italiara jo beharko genuke. Bertan, Benito Mussoliniren agindupean alderdi faxista sortu zen kapitalismo eta komunismoari aurre egiteko asmoz. Espainian Falange izan zen ideia horien inportatzailea, baina gerra zibilean Francok ideologia hori lapurtu zien eta tradizionalismo eta nazional-katolizismoarekin batera bere pentsamolde autoritarioa osatu zuen. Horregatik dago dagoen nahasketa.
Testuinguruaren arabera, eta sakonki aztertuz, esanahi ezberdinak hartu ahal ditu aipatutako hitz madarikatuak. Hona hemen haietako batzuk: 1-Mussoliniren ideologiaren jarraitzailea. 2-Jose Antonioren ideologiaren jarraitzailea. 3-Francoren garaietako nostalgikoa. 4-Neoliberala. 5-Ultraeskuindarra. 6-Ultraezkertiarra. 7-Espainola edo Espainiazalea. 8-Gauzak indarrez inposatu nahi dituena. 9-Baztertzailea. 10-Diktadorea. 11-Boterearen aldekoa. 12-Autoritarioa…
Nire buruan baino existitzen ez den korapilo honetatik ateratzeko proposamen bat ekarri dut eta hauxe da artikulu honen gakoa. Faxista hitzaren erabiltzaileei esfortzu txikia eskatuko die baina mereziko duelakoan nago, entzuleok eskertuko dugu. Ezin errazagoa da. Faxista esan eta gero, aurreko sailkapenaren zenbaki bat erantsi, aukeran parentesi artean. Adibidez “Pedro Mari faxista (3)” edota “EITB faxista (11)”.
Ez nuke proposamen hau faxista (9) izatea nahi. Hori ekiditeko izen bakoitzak nahi beste zenbaki onartuko lituzke, esate baterako, “Iturgaitz faxista (3, 4, 5, 7, 8, 9, 10, 11 eta 12)”. Animo eta erabiltzera!!!!