Garraioa eta frakasatuak

Erabiltzailearen aurpegia Ander Leon 2013ko api. 25a, 10:12

Margaret Thatcher zenari garraio publikoa frakasatuentzat zela entzun ez bazion ere, eskualdeko biztanleen pentsamendu kolektiboan su eta garrez grabatutako esaldia zela konturatu gabe barneratua zuen. Horregatik, goiz horretan autobusean zihoan friki koadrila ikusteak oroimen txar hori ekarri zion gogora. Gidabaimena ateratzeko adina urte edukitzeko egunak kontatzen ari zen neskato gazte bat, bizitzako depositoaren erreserban bizitzen ari zen jubilatu bikotea eta hiru etorkin. Besterik ez.

Lotsatuta igo zen autobusean. Orain dela 8 urte, kotxea erosi zuenetik, horrelako ibilgailu bat zapaldu gabe zegoen eta orain, Clioa matxuratuta, gidariari horrenbeste urtetako ezfideltasunagatik barkamena eskatu beharko balio bezala sentitu zen. Zorionez, txoferra ezagutu ez zuen gazte bat zen. Billetea ordaintzeko dirua ateratzean harrera bortitza: “Mugi txartela ez daukazu ala?”. Galdera irain bezala sentitu zuen “Zu ez zara mundu honetakoa” esan balio bezala.

Atsekabetuta, prezio desorbitatua ordaindu eta gero, esertzeko toki bakartia aukeratu zuen. Egoera deserosoa areagotzeko, isiltasuna zen nagusi. Denak leihotik begira, batzuk kristalaren islatik berari behatzen ari zitzaizkiola iruditu bazitzaion ere. Etxera heltzeko gogoak, lotsak, ezerosotasunak eta presak osaturiko koktelak adrenalina biziki igoko ziola nabarmendu zuen. “Egunkaria erosi behar nuen” pentsatuta mugikorrarekin jolasen bat egitea ona izango zela barneratzen hasia zenean, gerta zitekeen paturik okerrena suertatu zen. Herriko ezagun batek autobusa hartu zuen Kale Nagusiko geltokian.

Bestaldeko aulki batean eserita, berriro leihoa, ispilu, isla eta begirada galduaren jolasari ekin zioten. Oraingoan biek. Lotsatuta, familia bereko bi kide putetxe batean aurkitzen direnean bezalaxe, hau da, ez ikusiarena egitea hobe. Azkenean, altxatzean, beste erremediorik ez. Arnasa hartu eta aurrera. Begirada trukatzean, harrituarena egitea egokiena zela pentsatu zuen. “Kontxo zu hemendik? Ba niri kotxea izorratu zait eta juxtu gaur nire senarrak ez zeukan etortzerik eta auzokideak kanpoan daude eta mobila bateriarik gabe daukat eta lankide batek autobusarena aipatu dit, eta...” Aitzakia mordo eta gero garraio publikoa erabiltzeko koartada emanda zuela uste izan zuen. Herrikideak, bestearen lotsa ikusteak berea arindu zuela nabaritu zuen. “Bueno, niri karneta kendu didate gehiegizko abiaduragatik” esan zuen egia balitz bezala, “Hurrengo astean itzuliko didate” gehitu zuen sinesgarritasuna handitzeko asmoz. “Bestela ni kotxez joaten naiz leku guztietara”, “Noski, ni ere bai”. “Bueno, agur, ikusi arte” “Agur, bai”.

Aste bat pasata pintxo-potean aurkitu ziren berriro bi ezagunak. Berriro ezerosotasuna, baina oraingoan errazagoa izan zen, buruaren keinu bateko agurrarekin konpondu baitzuten. Ez zuten berriro autobus horri buruz hitz egin. Ahaztu nahi izan zuten frakasatuak izan ziren eguna.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!