Mordoa dira bizitzan zehar hartu ditugun erabakiak, edo agian hartarazi dizkigutenak, eta ezinezkoa da haiek guztiekin, gaur egungo ikuspuntutik, konforme egotea. Damuen artean ohikoenetakoa gazte garaian ikasketekin aurrera joan ez izana izaten da, bai ezagutzaren ikuspuntutik baita galdutako aukera laboralenetatik ere bai. Gabezi honek hainbat konponbide ditu: etsipenez onartu, ohiko esaldia esanez, hau da, “ez egin nik egin nuena, ikas ezazue, bestela damutuko zarete” eta seme-alaben bidez norberaren kontzientzia lasaitu, besteak beste. Badago ordea beste irtenbide bat, eta egokiena nire ustez, oraindik garaiz zaudela pentsatzea eta egoera konpontzen saiatzea da, eta horretarako hasi naiz ni lerro hauek idazten.
Urtarrila helburu berriak planteatzeko hilabete aproposentzat hartu izan ohi da, urte berria, asmo berriak lelopean. Hil beraren bukaera izaten da ere Helduen Hezkuntza Iraunkorreko (erderazko akronimoagatik ezagunagoa, hau da, EPA) zentroetan izena emateko zabaltzeko epea. Kasualitate ederra! Bertan, EPAn, 18 urteko gorakoei ezagutzak haunditzeko eta era berean DBH titulua eskuratzeko aukera eskaintzen zaie. DBH titulu honek oposaketak egiteko edota Lanbide Heziketako ikasketak burutzeko ezinbesteko baldintza izaten da. Amasa-Villabonako Errebote plazan kokatuta dagoen ikastetxeak ateak zabalduta dauzka, klaseak otsailaren 6an hasteko prest. Zerbait falta al zaizu izena emateko erabakia hartzeko? Ba hauxe da azken bultzada, erabat doakoa da, gratis, debalde %100ean.
Arestian aipatutako eskaintza ez bada zuretzat nahikoa eta 1998 baino lehen jaio bazinen, hots, 25 urtetik gorakoa bazara, Tolosaldeko EPAn unibertsitaterako sarbide proba ere prestatu ahal duzu. Adina da betebehar bakarra azterketa egin ahal izateko, ez baita bestelako baldintzarik eskatzen. Proba hori gaindituta (iaz gure ikasleen %100ak lortu zuen) bai Unibertsitatera baita Lanbide Heziketaren Goi Mailako Zikloetara ere sarrera ahalbideratzen da. 1978 baino lehen jaioa bazara eta beraz, 45 urte baino gehiago baduzu, are errezagoa da, azterketak gaztelania ala euskara hizkuntza proba atala baino ez baitu.
Mila izan daitezke bere garaian ikasketak burutu ezin izanaren arrazoiak, baina EPAn gaur egun ez ikasteko aitzakia aurkitzea ez da erreza. Damuak ezabatzeko garaia da, ezagutzak haunditu, titulu bat lortu edo ikasketekin aurrera segitzeko aukerak zabaldu nahi badituzu, ez izan zalantzarik. Izenburuan inoiz ez dela jakiten noiz idatzita dago eta noiz hori orain da.