Euskaldunok ditugun altxor zaharrenetakoa dugu gure hizkuntza, euskara. Gaur arteko ibilbide luze honetan, euskara desagertzeko arriskuan ere egon da, urte askotan honen erabilera debekatua eta zigortua izan delarik. Honi aurre egiteko, euskararen aldeko lan konstantea egin da, azken hamarkadetan ezagutza eta erabilera sustatzeko kontsentsu politiko zabalak lortu direlarik.
Andoain ez da salbuespena. Gure herrian ere, EAJ-PNVko kideak tinko aritu gara euskara bizirik mantentzeko eta honen erabilera sustatzeko lanetan. Honen adibide, azken 2015-2019 legealdian, udalbatzan aho batez, onartu berri dugun “Andoaingo Udalean euskararen erabilera normalizatzeko plana” 2018-2022 urtetan garatu beharrekoa.
Plangintza honen irizpide nagusiak, besteak beste, udal langile eta herritarren artean euskararen erabilera sustatzea; eta euskara beste hizkuntzen artean lehenestea dira, honen aldeko diskriminazio positiboa eginaz.
Honek ez du esan nahi, Udala eta herritarren arteko harremanak euskara hutsean izan behar direnik nahitaez, erakunde publiko batek derrigorrez eskaini eta bermatu behar baitu tokian tokiko hizkuntza ofizialetan bere zerbitzuak emateko eskubidea, kasu honetan bai euskaraz eta bai gazteleraz.
Ondorioz, andoaindar guztien hizkuntz eskubideak bermatzen direnez, garbi adierazi nahi dugu Andoaingo EAJ-PNVk orain arte bezala, euskara eta honen sustapenaren aldeko politikak aurrera ematen jarraituko duela. Kasu honetan gainera, ENBA euskara-ko lainsailaren gidaritzatik.
EAJ-PNVk argitu nahi du ez datorrela bat alderdi sozialistak agintaldiko lehenengo Udalbatzan adierazitako erabakiarekin: Udalbatzetan gaztelera lehenestekoa. Argitu behar da, erabaki hori ez dela Andoaingo Udal Gobernu Taldeak hartua izan, ez eta Udaleko ENBA-euskara sailaren hobespenarekin, alderdi sozialistak aldebakartasunetik hartutako erabakia izan dela.
Norberak askatasunez adierazteko duen ahalmen osoa bermatu nahi dugu, baina horretarako ez da bidezkoa euskara baztertzea. Hartutako erabaki okerra zuzenduko dutelakoan, orain arte egin dugun bezala, Andoainen euskara bizirik mantentzeko eta honen erabilera indartzeko lanean jarraituko dugu, euskaraz bizi nahi dugulako.