Gogotsu eta lehentasunezko gizarte erronkei erantzuteko asmoz eman diogu hasiera ikasturte politikoari

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Andoain 2024ko ira. 3a, 08:00

Andoaingo EAJ-PNVk hasiera eman dio ikasturte politiko berriari, udako etenaldiaren amaierako ohiko ekitaldi politikoarekin. 

Taldeak gogotsu eta ilusioz ekingo dio lanari, eskuartean diren lehentasunezko gizarte erronkei erantzuteko asmoz. Andoaingo herriaren egunerokotasunean inplikatzen jarraituko dugu, ekarpenak eginez eraginkorrak izan nahi dugu, udalgintzari eta eguneroko kudeaketari egonkortasuna eta anbizio gehiago eskaini nahian.

2024aren hasieran Gobernu Taldearekin itxitako akordioaren betetze-maila neurtzeko eta ebaluatzeko garaia ere bada, konpromiso bakoitzaren egoera zein den zehatz ezagutzeko, badira dagoeneko errealitate bilakatu diren ekimenak, besteak beste, tokiko ekonomia sustatzeko martxan ipinitako 150.000 euroko dotazioa duten diru-laguntza lerroak; enpresa txiki eta ertainak, merkatari ala ekintzaileentzat zuzenduak; egun eskaera epea zabalik dagoelarik. Beste ekimen ugari lanketa prozesuan dira eta datozen asteetan aurrerapenak izatea espero da.

EAJ-PNVtik modu baikorrean lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu eta eskua luzatuko diogu Andoainen alde zintzoki ekarpenak egin nahi dituen orori. Ezinbesteko jotzen dugu iraganeko blokeo inertziak gainditzea, horregatik, Andoaingo herriaren alde anbizioz jokatzeko hautua egin dugu.

Etxe barrura begira, hilabete garrantzitsuak ditugu aurretik jeltzaleok. Besteak beste, alderdiaren proiektu politikoa eta egitura berritzeko prozesuari ekingo baitzaio. Lan horri ekingo zaio 2024ko Alderdi Eguna igaro ondoren. Irailak 29an ospatuko da egun osoko ekitaldia Forondan, eta urtero moduan, Andoaingo Batzokiak autobusa antolatuko du bertara joan-etorria egiteko. Bazkal-otorduak egiteko karpa ere izango da. Informazioa eskatzeko eta izena emateko 688 80 36 65 telefono bidez egin daiteke edota Batzokira bertaratuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!