Andoaingo EAJ-PNVk uste du Ikurriñaren kontrako erasoa, herri baten ikur nagusiaren kontrako erasoa dela. Herri honek izan dituen jazarpen, indarkeria eta eraso ororen gainetik, ikurriña herri honen askatasunaren sinboloa da, belaunaldiz belaunaldi euskaldunok defendatu duguna. Gogorarazi nahi dugu, ikurriña herri hau osatzen duten gizon eta emakume guztion sinboloa dela. Abertzaleontzat eraso hau benetan mingarria den arren, ikurriña guztion ikurra dela erreibindikatzen dugu.
Andoaingo EAJ-PNVk gogor salatzen ditu azkenaldian gero eta ohikoagoak bilakatu diren gorrotozko mezuak, herri honen ukazioa erreibindikatzen dutenak, ikurrinaren legitimitatea ukatzen dutenak eta iraganeko garai ilunetako nostalgia sustatzen dutenak. Abertzale eta demokrata gisa, mota horretako mezuak ezin ditugu inondik inora onartu, ezta Andoainen ere. Pentsatzen dugu halako jokamoldeek ez dutela tokirik etorkizuneko elkarbizitza eraikitzeko, eta errotik eten behar direla.
Andoaingo EAJ-PNVk datorren astean ekimen ezberdinak ipiniko ditu martxan Andoaingo Udaletik, besteak beste, ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiekin urgentziaz bilera bat deitzea eskatuko dugu. Herri ordezkari garen neurrian, eraitsi den ikurrinaren aurrean adierazpen bateratua ateratzen saiatuko gara, eta Andoaingo Udaletik, guztion artean, toki horretan ikurriña berri bat ipintzeko beharrezko pausuak martxan jartzea eskatuko dugu.