Izan ere, 2024ko apirilean Andoaingo Udalak Udal Irisgarritasun Plana eguneratzeko kanpo-zerbitzuak kontratatu zituen arren, orain, urtebete geroago, amaitu gabe ez ezik, onartu gabe ere jarraitzen du hurak. Are gehiago, Goenagak salatu duenez, EH Bilduk planaren aurrerapen bat baino ez du aurkeztu, eta aurkezpen horrek atal garrantzitsuak baztertu besterik ez du egiten, hala nola, Doktor Huizi kalea”.
Zentzu horretan, irmoa da EAJren jarrera: funtsezkoa da espazio publikoak, kaleak eta plazak seguruak, ibilgarriak eta irisgarriak izatea. Gainera, erabakiak premiaren, eragin sozialaren, konplexutasun teknikoaren eta bideragarritasun ekonomikoaren arabera lehenestea eskatu dute.
Argia da eskaera, beraz; Planak ezin baitu izan dokumentu tekniko soila, eta ausarta eta eraldatzailea izango den ibilbide-orri bat eraiki behar duelako nahitaez (urte askotako aurreikusitako diru konpromiso argiekin eta exekuzio egutegi zorrotz batekin, betiere). "Asmo orokorrak ez dira nahikoak: inbertsio zehatzak, jarduera nabariak, eta konpromiso politiko irmoa behar dira", gehitu du talde jeltzaleak.
EAJren ustetan, aipatutako dena ezinbesteko erronka da Andoain herri irisgarria izateko. Horren baitan, herriko auzo ezberdinen arteko ibilbide irisgarriak sortzea funtsezkoa dela nabarmendu dute, “Andoain modu autonomoan zeharkatu ahal izateko”. Era berean, zebrabideetan hobekuntzak egitea beharrezkoa dela diote; trafiko handiena duten tokietan, hala nola, norabide eta arrisku seinaleak egokitzen.
Halaber, mugikortasun bertikala da jeltzaleen beste proposamen garrantzitsuenetako bat, hura funtsezkoa delako egun dauden oztopo fisikoak gainditzeko. Horregatik, Mugikortasun Bertikaleko Plan Nagusi bat egitea proposatzen dute, auzoen arteko konektibitatea hobetzeko, eta osasun zentrorako edo erdigunetik urrutien dauden kaleetarako sarbidea errazteko (eskailerak edo igogailuak bezalako elementu mekanikoak edo ez-mekanikoak barne).
Hori gutxi balitz bezala, etxebizitzetarako irisgarritasuna ziurtatzeko, ezinbestekoa izaten jarraitzen du zenbait kale berrurbanizatzea. Ildo horretan, hurrengoa esan du Goenagak: “Oso garrantzitsuak dira Gabril Aresti kalean edo Ondarreta kalean egingo diren lanak (herritarren parte-hartze prozesuaren emaitza azken hau). Gainera, EAJn uste dugu irisgarritasuna hobetzeak inpaktu positiboa izango duela tokiko merkataritzan, eta horretarako dauden oztopoak ezabatzeko ekintzak finantzatzearen aldeko apustua egiten dugu. Udal instalazioei dagokienez, hainbat urtetarako plan bat proposatzen dugu udal eraikinak irisgarritasun araudiari egokitzeko (Urigain eta Galardi kasu), besteak beste, espazio publiko guztietako seinaleztapena eguneratzen”.
Irisgarritasun unibertsalarekin duen konpromisoa sendoa da talde jeltzalearentzat, eta Imanol Goenaga Andoaingo EAJ-PNVren bozeramaileak argi azpimarratu du beste behin: “Plan honek benetako partaidetza-prozesu baten emaitza izan behar du, ACKZESIBLE bezalako elkarteak, udaleko hainbat eragile eta udal talde politikoak barne hartuta. Andoaingo irisgarritasuna ezin da Udaleko bulegoetatik soilik landu. Gizarte osoaren helburu partekatua izan behar du. Horregatik, EH Bilduri eskatzen diogu gehiago entzuteko, eta egiten ditugun ekarpenak aintzat hartzeko”.