Gobernu taldeak oraindik bere asmoak aurkeztu ez baditu ere, jeltzaleek azpimarratu dute beren proposamena moderatua eta orekatua dela, familiei zama handiagorik ez jartzeko pentsatua, baina bai Udalaren finantzak indartzeko, horrela herritar guztiek gozatzen dituzten zerbitzuak bermatuz.
Familientzat: Familia ugarientzako eta zaurgarrientzako hobariak sakontzea proposatzen da, autokontsumorako eguzki-instalazioak etxebizitzetan jartzen dituztenentzat laguntzak, eta Bizigune, ASAP… bezalako alokairu publikoko programei beren etxebizitza lagatzen dietenentzako deskontuak sendotzea.
Herria bizigarriago baterako: %95erainoko pizgarri fiskalak eraberritze energetikoko edo irisgarritasuna hobetzeko obretarako, lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko obretarako, Kale Nagusiaren merkataritza berpiztea sustatzeko, eta etxebizitza hutsentzako errekarguak inplementatzea.
Herria jasangarriago baterako: Birziklatze tasa %60tik behera jaitsi dela eta “andoaingo itunean” hartutako konpromisoetatik urrun dagoela ikusita, egungo hobariak kentzea proposatzen da zerbitzuaren defizita murriztu ahal izateko, eta %20ko errekargua ezartzea behar bezala edukiontzi organikoa erabiltzen ez dutenentzat.
Ehun sozialarentzat: Irabazi-asmorik gabeko kultur, kirol edo gizarte elkarteek udal ekipamenduak erabiltzeagatik tasak ordaindu behar ez izatea arautzea proposatzen da, eta %50erainoko deskontuak Andoainen beren jarduera egiten duten tokiko entitateentzat (elkarteak, bizilagunen komunitateak, akademiak…).
Etorkizunera begira: 2026an Gipuzkoako Batzar Nagusiek foru araua onartzen dutenean, tasa turistiko bat ezartzeko aurreikuspena jasotzea proposatzen da, bildutako dirua zuzenean garbitasunean, kulturan, hiri mantentzean eta segurtasunean berrinbertitzeko.