Egoerak 1.000 bizilagun baino gehiagori eragin die, eta zenbateko batzuk 1.000 eurotik gorakoak izan dira. Andoaingo EAJ-PNVtik gertutik jarraitu dugu auzia, eta Udalari azalpenak eskatu dizkiogu; zer gertatu den ulertzeko, egoera honetara nola iritsi den argitzeko eta Udalaren balizko erantzukizunak zein izan diren zehazteko. Jasotako erantzunek, ordea, kezka handia eragiten duten hainbat galdera airean utzi dituzte.
Udalak aitortu du Konpentsazio Batzordeko kide zela, eta unean-uneko alkateak ordezkatzen zuela Udala batzorde hartan. Hala eta guztiz ere, alkateak adierazi du auziaren berri epaia irmoa zenean izan zuela.
- Udalak Konpentsazio Batzordean zituen ordezkari politikoek ez zuten gertatzen ari zenaren berri?
Horrek ezinbestekoak diren galderak mahaigaineratzen ditu:
- Konpentsazio Batzordearen zenbat bilera egin ziren?
- Udalak bilera horietan parte hartu zuen?
- Obren likidazioa edo ondorengo gatazka judiziala bezalako gai garrantzitsurik landu zen?
- Ba al dago bilera horien aktarik?
- Zergatik ez zuen Udalak ekimenik aurrera eraman Batzordeko kide gisa?
- Zer gertatu zen Konpentsazio Batzordeak jarritako berme ekonomikoarekin?
Halaber, nahiko zaila da ulertzeko, Konpentsazio Batzordea prozedura judizialean agertu ere ez izana bere jarrera defendatzeko.
Eta beste kontu kezkagarri bat ere sortzen da: Nola da posible Udalak onartu edo ahalbidetu izana Batzordeko jatorrizko kideek beren betebeharrei muzin egitea, eta desagertzea, beren erantzukizunei aurre egin gabe?
Ekimenik gabeko urteak
Udalak berak emandako erantzunek adierazten dute aspalditik ezagutzen zela egungo jabeek zor hori beren gain hartu zezaketela.
Hala ere, auzotarrei ez zitzaien informaziorik eman duela hilabete gutxi batzuk arte, ordurako ordainketa-betebeharra ezartzen zuen ebazpen judizial irmoa zenean. Informazio horien berri bazegoen, zergatik ez zitzaien lehenago jakinarazi kaltetuei beren burua defendatzeko aukera izan zezaten?
Isiltasun eta ekintzarik gabeko urte horietan, zorrak interesak sortzen jarraitu du, urtean %5etik gorakoak, eta horrek Andoaingo familia askorentzat kalte ekonomikoa are handiagoa izateko arriskua zekarren.
Bizilagunen borroka
Prozesu honetan gauza garrantzitsu bat ere agerian geratu da: Andoaingo herritarrek erreakzionatu egin dute.
Duela aste batzuk ordaintzeko betebeharraren berri eman zitzaien. Ordutik, 300 bizilagunek baino gehiagok presazko informazioa eskatu zioten Udalari. Gainera, kezkatuta, argibideak eta erantzukizunak eskatu zizkioten. Ondoren, 250 pertsona baino gehiago bildu ziren Basteron egindako bileran, Udalari bidegabekeria honen aurrean desadostasuna adierazteko. Irtenbide positiborik jaso ez zenez, auzotar talde batek plataforma bat sortzea erabaki zuen kaltetuen interesak defendatzeko.
Horri gehitu behar zaio talde politikoek egin dugun presioa ere; herritarren ordezkari gisa, gardentasuna eta kudeaketa argia eskatu baititugu.
Udal baten erantzukizuna
Gizarte-ezinegon handiak eta herritarren kezkak, baita auzotarren aktibismoak ere, eragin nabarmena izan dute. Azkenean, Amenabar enpresak kobratzeari uko egitea eta demanda erretiratzea erabaki du. Hala adierazi du eraikuntza-enpresak berak komunikabideetan eta epaitegian.
Hala ere, egungo udal gobernuak, zabaldutako prentsa ohar bidez, Amenabar enpresak zor zuen zenbatekoa kobratzeari uko egiteko konponbide positiboa egindako kudeaketa luzeen emaitza gisa aurkeztu nahi izan du. Baina azalpen horrek kontraesan berriak sortzen ditu.
Alde batetik, EAJ-PNVri idatziz bidalitako erantzun ofizialetan baieztatzen da Udalak ez duela inolako gestiorik egin, jabeek ordainketa egin zezaten eskatzeko beharrezkoak zirenak baino haratago.
Bestetik, herritarrekin egindako hainbat bileratan, Alkateak eta gobernu taldeak auzotarrei jakinarazi diete ez zegoela beste irtenbiderik zegozkien ordainketak egitea baino, eta ondoren erreklamatzea, arrakasta izateko aukera urriekin, epaia irmoa baitzen.
Horregatik, zaila da orain egoera udalaren kudeaketa eraginkor baten ondorio dela defendatzea.
Badirudi argi dagoela konponbidea ez dela iritsi Udalaren jardun positiboaren ondorioz. Are gehiago, litekeena da Udalak erantzukizun negatiboa izatea informazioa garaiz ez emateagatik eta auzotarrei jakinarazpenak berandu egiteagatik, ordurako beren burua defendatzeko aukerak galduak zituztenean.
Gertatutakotik ikastea
Azken batean, bizilagunek zor hori beren gain hartu behar ez izatea albiste ona da, baina horrek ez du esan nahi besterik gabe aurrera begiratu behar dugunik. Ebazpena azken unean auzotarrek eta eraikuntza-enpresak berak egindako jardueraren ondorioz iritsi izana —Udalak egoeraren berri hamarkada bat baino gehiagoz izan ondoren— ez da albiste ona.
Denbora horretan zehar, akatsak, jarraipen falta edo erantzukizunen utzikeria gertatu ahal izan dira. Horregatik uste dugu beharrezkoa dela gertatu dena zorrotz aztertzea eta ondorioak ateratzea
Kontua ez da iragana interes politikoagatik berriz irekitzea. Bermatu nahi dena da horrelako egoera bat Andoainen berriro ez errepikatzea.
Izan ere, gardentasuna, erantzukizuna eta kudeaketa publiko ona ez dira aukerakoak: erakundeen eta herritarren arteko konfiantzaren oinarri dira.