Miren Aburuza: "Euskaraldia zintzotasun ariketa bat da"

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi Euskara Taldea 2020ko aza. 12a, 12:00

Miren Aburuza Adunako Euskaraldia batzordeko kidea da.

Arigunea kontzeptu berria jarri da abian aurten: norbanakoei ez ezik, taldeko jardunari ere lekua egin nahi baitzaio Euskaraldian… Nola gauzatuko da hori?
Duela bi urteko Euskaraldia norbanakoaren konpromisoa izan zen, eta norbanakoen konpromisoetatik taldekoetara jauzi egitea lortu nahi da aurten. Horretarako, Euskal Herrian euskaraz egiteko aukera ematen duten gune, eremu edo txokoak badaudela irudikatu nahi da; jendeak euskara erabiltzeko garaian zalantza edo kezkarik izan ez dezan. Horrez gain, entitateen barruan funtzionamendu-moldeak jarri eta konpromisoak bultzatzeko modua ere bada: entitate horren barruan arigune gisa izena eman dutenek barruko funtzionamenduan kontzientziazioa bultzatu eta aldaketa eragiteko. Izan ere, Euskaraldiak iraungo duen bi asteetan ohitura batzuk sortuko dira, baina aurrera begira ere ohitura horiek iraunaraztea lortu nahi da.

Nola erantzun dute entitateek?
Elkarteek, enpresek, saltokiek, admnistrazioak… Era askotako elkarte eta taldeek osatzen dute entitateen esparrua. Aduna mailan oso gustura gaude haien erantzunarekin. Eskertu egin nahi diegu ekimenari harrera ona egiteaz gain, borondate eta asmo ona erakutsi digutelako.

Ekiteko prest, beraz…
Bai. Aurten, entitateena berrikuntza izan arren, ekimena dagoeneko ezaguna izateak erraztu egiten du bidea. Euskaraldia zintzotasun ariketa bat da, zeinetan parte-hartzaileek hausnarketa egin behar duten, 15 egun horietan errealitateaz jabetu eta konpromisoak hartzeko. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!