Liburua zabaltzeaz batera, Indiako bazterkeriari darion kiratsa usainduko duzu, Palestina ukatuaren ezina ukitu, Lakota nazioaren garrasi itoa entzun edo Bilbo aldean bildutako kasuen garratza ezpainen ertzean sumatu, baina batik bat, sentitu egingo duzu. Sentituko dituzu, orriz orri ageri diren emakumeen historiak, bizipenak, minak, itxaropenak, grinak, bakardadea, elkartasuna, zure larruan eta erraietan.
Letren, irudien eta oro har arte guztien helburua harritzea, kolpatzea edo barruak astintzea baldin bada, Lumineszenteak lanak horretan ere goi mailako sailkapena merezi duela esango nuke, hain zuzen, hori bera delako liburuaren irakurleak –nahiz erakusketa arretaz bisitatuko duenak– lortuko duena: halako ezerosotasun argigarri bat, halako zapore mikatz ezin garbiago bat, egun luzetan iraungo diona. Emakume zapalduez ari nahiz nazio azpiratuez ari, haien egunerokoa topikoetatik eta aurreiritzietatik urrun baino urrunago dagoela frogatuko digute hemen batutako izaki lumineszenteek. Eta frogatuko digute, hizkera xumez, gordin, apaingarririk gabe eta inork zalantzan jarri ezingo lukeen moduan.
Une egokian heldu zen liburua nire eskuetara, artean azken zuzenketak egin gabe zituela, Farmazia Beltzako lagunei esker. Iragan hurbilean Ipar Amerikako indigenen aurka gertatutako hainbat kasu plazaratu berri ziren prentsan. Artikulu batzuk Kanadako Kolumbia Britainiarreko agintarien gehiegikeria sistematikoez mintzo ziren (ia atzo arte, familia indigenei nola osten zizkieten haurrak, nola lotsarazten zituzten, zeintzuk ziren haiek “zibilizatzeko” metodoak, ahalegin horretan zenbat hil edo desagerrarazi zituzten...). Beste artikulu batzuk, aldiz, Inuit komunitateetako miseriak zituzten hizpide (emakumeen aurkako indarkeria kasuak, esate baterako), eta aspaldidanik nerabilen galderak ere garai hartan ozenago jotzen zuen nire buruan: Ipar Amerikan bada mugimendu askagarri ugari, badira beltzen eskubideen alde dihardutenak, eta xenofobiaren aurkakoak, eta integrazioa benetakoa izan dadin altxatzen direnak, eta MeToo, eta batek daki zer beste, baina nork hartzen ditu kontuan hango indigenak, hango nazioak eta herriak? Ba al dute tokirik, bakeroen filmetatik harago?
Liburu honek ez dizkit noski zapalkeria ulertzeko behar nituzkeen erantzun guztiak eman, baina haietara hurbiltzeko zenbait giltzarri jarri dizkit eskura. Ez da gutxi.
[Erakusketa Basteron ikusgai dago apirilaren 1era arte]