Hamabostaldiko zutabea idazterakoan, gaurkotasuna duten gai asko eta denetarikoak etortzen zaizkizu burura. Aukeratze lana, irakurlea kontutan hartuta, ez da hain erraza. Gaurkoa aukeratzerakoan ere banituen zenbait, baina 29an Urnietako eguna denez, eta, batetik, Aiurri astekaria giro horretako ekintzez gainezka etorriko denez; eta, bestetik, herri osoa festa giroan murgilduta egonen baita, ez nuen motibazio gehiegi sentitzen horrelako gai potolo eta serio bat garatzeko. Askoz zintzoagoa iritzi diot ni ere nire herriko festa giro horretan sartu eta giro horri dagokion zutabea idazteari. Ezen, nahiz urte asko kanpoan igaro, herrimina ez da inoiz galtzen eta barnean daramatzagu gure herrian bizitakoak. Ez dago zertan ukatu beharrik! Sanmielei buruz nire adinekoek hainbeste oroimen eder eta ugari ditugu gaurkoekin zerikusirik ez zutenak, guri bizipoza ematen zigutenak. Nork ez du plazako giroa gogoratzen, non Teresa goxoki saltzailea baitzen protagonista. Garai hartako hemerotekak ikusi behar.
Hausnarketa honek hainbeste aipatzen den gaira narama: tradizioak, ohiturak eta abar, alegia.
Herri eta gizarte orok ditu bere tradizioak, usadioak, bizitzeko erak. Baina, lehen esan bezala, tradizioak ez badira garaian garaiko egoerari egokitzen denboraz kanpo geratzen dira, anakronikoak bilakatzen dira, zentzua eta bizia galdu eta hilik fosil bilakatzen dira. Tradizioaren izenean astakeria asko egiten dira eta jarrera erabat zentzugabeak hartzen dira. Nire irudiko, Hondarribia eta Irungo festetan Alarde deritzan horretan ematen den zatiketa eta bereizkeria, alegia, Alarde batean zenbait postutan emakumezkoak ezin egotea , ea hori dela eta, beste Alarde bat sortzea eta desfilean jasaten dituzten irainak... tradizionalak izanen dira, baina XXI. mendean erabat zentzugabekeria deritzot. Egun gizon emakumeen parekotasuna ezein erakundeetan defendatzen den honetan horrelako jarrerak defendatzeari erabat denboratik apartekoa dela deritzot.
Urnietako festei dagokionean esan behar dut ez dudala horrelakorik nabaritu. Alderantziz, azken Aiurri irakurri dut eta gaur gaurkoari egokituak iruditu zait egitaraua. Benetako tradizioa eta gaurkotasuna uztartzen dituen programa ikusi dut eta hori beti da pozgarria. Ikusten da belaunaldi berriek beste bizitza ikuspegia dutela. Bidenabar, eta parentesi artean, tradizioez ari garenez, duela gutxi Urnietako ni baino gazteago den batek esan zidan bere aitona Errepublikako zinegotzi zenean Udal aretoan dagoen Jesusen Bihotza kendu eta Elizari eman ziotela. Ah, Errepublika!!!
Lastima Francoren diktadurak hain aurrelari zen gobernu modua erabat irentsi zuela! Gero, nonbait, eta seguruenik berriro tradizioaren izenean lehengo lekura eraman zuten. Eta dirudienez, hor jarraitzen du tradizioarekin apurtzen ez baitira zenbait alkate eta zinegotzi ausartu. Hau esanik, aitor dezadan aurtengo jai egitaraua euskalduna, herritarra, umorea eta balio etikoak zaintzen dituena dela, beti ere nire irudiko.
Bada, halere, eta izenburuari nagokiola, atentzioa eman eta gustatu zaidana eta nire interpretazio subjektiboa merezi duena: asko aipatzen da Miela izena. Irudi polita du, irribarretsua. Agian nire interpretazioak ez du zerikusirik baina hor doa. Nik irakurri eta irudia ikusi dudanean eta , hitza noski, Miela, Urnietako Mielak eta ez Sanmielak etorri zait burura. Eta neurekiko esan ere, esan dut: kontxo, San hori kendu ditek eta poliki-poliki tradizioa hautsi edo tradizioa aldatu edo tradizioa gaurkotu ditek eta festa laikoagoak egiten ari dituk. Eta, zergatik ukatu, gustatu zait eta horregatik nire izenburuaren arrazoia. Bestalde, Mielak Sanmielak baino hobeto adierazten du Urnietako herriaren aniztasuna eta Udalaren laikotasuna.
Noski, agintariek herriaren zerbitzura egon behar baitute eta herria anitza bada, guztiena izan behar du eta ez du zergatik konfesio bakar batekin bat egin behar.
Horrek ez du esan nahi inondik ere, eta ez diezadate gaizki ulertu, Udal zinegotziek, halanahiez, beren sinesmena agertzeko eskubidea ez dutenik; baina indibidualki eta herriko beste edozein herritar bezala. Gaur denboratik kanpo, eta tradizioa baino tradizionalkeria dela esango nuke. Niri ez zait piperrik ere gustatzen Udan, han hemengo festetan ematen diren argazkiak: mezatan herri agintariak elizaren lehenengo lerroan; Errepublikari ez baino Francoren garaiari erantzuten dion argazkia baita. Egia da, jada, zenbait herritan edo Santutegitan, hala nola Loiolan edo Arantzazun, ez direla herri agintariek talde gisa joaten, eta zentzu honetan Bildukoek garbi utzi dute beraien laikotasuna, baina, halere, zenbait alderdiko jendea joaten da eta leku berezia eskaintzen diote. Argazki anakronikoa deritzot benetan.
Baina tira, Urnieta-Miela binomioarekin geratzen naiz: politagoa, laikoagoa, laburragoa, pertsonaia berezia delako eta herri osoari dagokiolako. Ez al naute horregatik hereje eta antitradizionalista gisa hartuko, eta Inkisizio garaian bezala plaza erdian erreko! Bromak aparte, nire herritar guztiei balio etikoetan oinarritutako festak opa dizkiet eta bizi den herriaren adierazpen izan daitezela. Ondo pasa!!