Lehenik eta behin, uda bustia, bihurria eta iluna gertatu zaigula esan behar. Bihurria eta iluna niretzat ere, zeren minaren minez ziatika alu batek oheari lotuta eduki bainau hilabete eta erdi luzean, harrezkero berebat lanik askorekin banauka ere. Dena den, aurtengo uda aski xelebrea izan dela esan dezake edonork eta adituek diotenez, 1956koaren ondotik ez omen ezagutu horrelakorik. Bustia bai, baina trumoi hots handirik ez dugu izan.
Trumoi hotsak beste zentzu batean izan dira aurtengoan. Eta ez nolanahikoak, ikaragarrienak baizik. Hastera noa beste gabe. Bildu koalizioaren olatu handia datorkit burura eta Araban, ondorioz, gertatu Ezker Batuaren (EB) jokabide merkea. Bere buruaren kaltetan batik bat. Bigarren, Eurozona delakoa eta Europako ekonomia edo diru arazoa, hasi Greziatik eta mundu guztia itzulipurdikatu duena. Zer da gero hau? Dirua besterik ez nonahi eta goizetik gauera diruaren lehorterik handienak bere atzaparpean hartu gaituela, eta bestetik, xuhur ibili beharreko urteak datozkigula gainera. Izan ere, egia, ohiturik geunden haltzari berriak, auto berria, jantzi berriak, jateko eta gutizia berriak, berri goseak harturik ginen erabat. Alabaina, bestalde, nora ezkutatu ote dirua? Hau da gure arteko askok egiten duen galdera. Nire ustez ganbara edo soto-zulo galantak izango dira bazterretan. Bestela esanik, banketxe eta enpresa handi eta sakela bero askoak badira nonbait beheko jendea estutzeko ahalegin betean.
Oslo hiriburuko (Norvegia) eta bere alboko uhartean gertatu hilketa nahiz triskantza ikaragarriak zarata ederra ekarri zuen aurten. Nola ote posible pertsona bakar batek horrelako erreketa eta hainbat pertsona garbitzea istant batean? Sinesteak ere badu lanik, aski. Ingalaterra ere ez da bazterrean gelditu oraingoan. Londres hiriburuko eta beste hiri nagusietako (Birmingham, Manchester…) auzoetan sortu irakinak astindu ederra eman die bertako bizilagun eta politiko agintariei. Zerbait larria badago auzo horietan!! Oraingoz zigorra erabiliz isilarazi dute (16.000 polizia martxan ipini eta mila hurbileko atxilotu kopurua) baina kasu, luzarora zigorrarekin konponduko dutela pentsatzea ere…!
Azaroko hauteskundeak begien aurrean direla, a zer nolako porrusalda darabilten, besteak beste, Konstituzioari ukitutxo bat emateko erronka horretan. Aurretik harroago ibili dira bai Rubalcaba eta bai Basagoiti Euskal Herriari dagokionez behintzat, gisa honetako ahoberokeriak jaurtikiz, alegia gerra irabazirik daukatela eta orain bakea irabazi behar dutela. Hau da jendea daukaguna! Errepresioa deitzen den traste zaharra eta gezurra baino erabiltzen ez dakien jende hau! Hala ere, pena gehiago ematen didate PNV eta Urkullu bezalakoek. Gutxienez etxekoak direnez, ez naiz sobera sartuko horien kolkoan. Hala berean ez Aita Santuaren Madrilgo bisita eta munduko gazteriaren jardunaldiaz ere. Beste batean jorratuko agian.
Gauza bitxiagorik ere badut. Bata, bizkartzainak. Urrutira joan beharrik horietaz ohartzeko. Hara, gure etxe aurreko dendara ogi bakar baten bila nola hiru gizon joan ohi diren tontoenak ere ikusi ahal izaten du. Lehengo batean beheko kaleko fruta-dendan ikusita nago beste bat poltsa eskuetan fruta hartzen eta alboan bizkartzain parea. Orain komeriak, ordea! Euskal Herrian horietako 3.000 mantendu omen ditugu urteetan. Entresaka egiten hasi dira nonbait eta lehen urrats bezala 500 kanpora bota dituzte, eta normala haserre plantatu direla hauek, lanik gabe gelditu direnean. Gizonaren mehatxupean dauden emakumeei berek zainduko dituzten eskaintza egin omen diete.
Etxera itzuliz Sortu alderdi berriaren legeztapena. Aipatu bakarrik azken lerro hauetan. Zer jokabide hartuko ote dute orain goialde horretan? Eta gauza bera galdegingo nuke Topagunea deitu horretako Arnaldo Otegi eta bere kideekin? Eta hain bulartsu azaldu diren Segiko hamasei gazte horiekin?
Ondarroako herria aipatu nahi nuke azkenik, desobedientzia zibilaren eredu izan zaigun herria dugunez. Hara, 2007ko hauteskundeetan ANVk atera gehiengoa. “Kutsatua” omen eta kanpora bota Espainiako gobernuak. Ordainez batzorde bat sortu, tartean PNV, eta aurrera. Baina herritarrek udaletxetik datozen fakturei boikot borobila, harik eta orain Bilduk udal ardura bere gain hartu duen arte. Uda leheneko perla da eta ez txantxetakoa hala fede Ondarroako hau!