Lehengo astean joan zaigu (G.B.) Joxean Agote gure adiskide mina eta beste gabe lerro hauek berari eskaintzeko asmotan nator. Idazten hasi baino egin ez dudanez, bere biografia gisako zerbait gerta litekeelakoan nago. Nire ikuspegitik hartuta, jakina.
Hasteko, biktimak soilik alde batekoak ez baitira, gureetako baten hileta manifestazioan elkar ezagutu genuen duela hogeita bost bat urte, bere lagun batzuk eta andregaia alboan zituela. Gaixorik zegoen traza guztiak hartu nizkion. Arrantzale edo itsasgizona zela ere jabetu nintzen. Nik neuk urte sasoia hau zela garbi daukat, Urdirotz herrixkan geneukan (Nafarroa) Euskal Udalekua gure haurrentzat udaldirako prestatzen han genbiltzalako larunbat eta igande haietan. Berriketan ari banintzaio bezala gurekin batera Nafarroara gonbidatu nik eta ni harriduraz beterik utzi ninduelarik non baiezkoa ematen didan berak. Hurrengo asteburua gure artean pasatu zuen. Isil eta mutu, ez zen eta berehalakoan lagunartea egingo zuen horietako pertsona, ez orduan eta gero ere.
Minbiziak hartuta egona zen aldi batean gaixorik. Irudi zuen, hala ere, gainditurik zuela hainbat kimio emanaldiren ondorioz eta aski ongi aurkitzen zela esan zitekeen begiratu batean, nahiz kokots azpiko aztarrenak oraino guztiz nabariak ageri zitzaizkion. Noizbehinka elkarrekin egon ohi ginelarik, hartan jarraitu zuen gure mutilak itsasoko lanetan.
Handik lauzpabost urtera minbiziak berriro eraso zion leku berean eta hortzak eta ahoa urratzeraino oraingoan. Egoera penagarrian aurkitu genuen Pello Aranburuk eta nik aldi hartan. Are penagarriagoa malkoak begietan zituela bi hilabeteko bizia baino ez zuela esan zigunean. Etsipenak erabat harturik zeukala uste izan genuen. Galdegin genion bigarren gaixoaldia baino lehen itsasoan ari izan zen. Eta baiezkoa jaso genuen bere ahotik.
Gainera Gonzalez agintean zegoen garaiak zirela ohartzen naiz, zeren eta bajurako arrantzaleak neguan ere itsasora joatera behartu baitzituen, eta neguko hilabete horietan zenbat irabazten zuen jakin genuenean (27 mila pezeta), harri eta zur gelditu ginen. Eta Pellok bat-batean hala esan zion: “Joxean, utzi itsasoa, nik dirua jarriko diat (diru multzoa izan zen); Jaxintok erleak jarriko dizkik eta bizi egin behar diagu, bizi, Joxean”.
Eta halaxe izan zen, bigarren gaixoaldia ere gainditu, eta lurreratu genuelarik, erlezain bilakatu zen nirekin.
Han eta hemen erle berriak erosi eta multzo on baten jabe egin ginen, baina eztiak ez zuen bizitzeko lain ematen eta lorezaintzara bideratu genuen. Gogoko lana zitzaion alde batetik eta soldata eta asegurua bestetik. Ondoren, Behemendi etorri zitzaigun larunbatetako azoka antolatuz. Erle gehiago ipini behar, eztia izango bagenuen, eta erlearen produktuak moldatzeko lana hartu behar, hala nola polena, propolioa, argizaria, ukenduak, kandelak… Gauzak landu eta azoka prestatzeko lan hauek zirela bide, Urnietan, nire etxean finkatu zen eta bertan eman ditu, osasun onez eman ere, azkeneko urte gehienak.
Alai eta gogotik ibili da erle, lore eta baratza bitarteko direla. Gainerakoan, bidaien bat bi urtez behien edo (Maroko, Tunisia, Turkia, Mali, Amazonia…), eta benetan pozik ikusi izan dut. Eztabaida batzuk elkarren artean, baina hutsaren hurrengoak. Alabaina urte pare batetik hona igarrita nengoen, baratza edo azokatik kanpo asperdurak erraz hartzen zuela. Ez zen belauneko mina soilik. Duela urtebete, arazo hau dela eta, joan da ospitalera eta azterketak egin ondoan non aurkitzen dioten biriketan handitsu bat kantzerigenoa zena. Kimioa eta erradioterapia eta ustez ondo, baina aurtengo apirilean atake bat, ospitalera eta oraingoan buruan bi tumore, ahaleginak egin arren, ezin konponduzkoak zirenak.
Hil aurreko aste pare bat izango zen eta non esaten didan; "Jaxinto, oraingoan ez dut bueltarik". Solasalditxo bat eta ea fededun sentitzen zen galdegin nion. Baiezko borobila. Asentsiori deituko diogu. Asentsio, Maliko misiolaria eta gure laguna, hemen gertatzen baita aste batzuetarako etorrita. Hala, honek Sakramentuak eman eta sosegu ederrean gelditu zen gure mutila. Handik pixka batera zera esan zidan: "Jaxinto, nire gorpua erraustu eta errautsak itsasora bota" eta halaxe egin da.
Bi hilabete juxtu egin ditu. Azken asteak aieneka gau eta egun. Oinaze handirik ez. Asperdura, nekea, ezina bai. Azkeneko gauak izan dira niretzat ere benetan gogorrak. Heriotza ikusi dut aurrez aurre, bizia hustutzen ikusi dute nire begiek, eta azkeneko bi gauetan gertatu zaidan gauzarik harrigarriena zera izan da: “Ama, ama, ama…” oihukatuz eman zituela orduak, harik eta begiak betikoz itxi zituen arte. Joxean, Egun Handiaren zain utzi gaituzu.