Nor bere baitan eta ingurura ondo begiratzen jakinez gero, zer nolako aberastasunak dauzkagun pertsona garen izakiok, pentsatzeak berak lanik asko badu... Natura eta udaberria batetik, bizia salgai eskainiz. Landare, lore, baratze, txoriak kantu eta kanta, aireko hegaztiak, iturri eta ibaiak, euria bera barra-barra osasuna zabalduz. Eta horretaz aparte, gogoko zereginak burutzea egunean zehar, zeregin ezak aspertzen eta hondatzen duelako pertsona. Gutxienez ibilaldi bat egin, lagunarte pixka bat bilatu, besteren iritziak entzun, hausnartu eta zureak trukatzeko bidea eman. Fedea baldin baduzu sakondu ahalegin biziz eta osasunez edo diruz oso ondo ez bazabiltza ere luzatu zure laguntza ezinean dabilenari. Elementu guztiok bizi pozaren aztarrenak dira, baliatu hauetaz gogotik, mundu honetan garen bitartean etsipena eta asperduraren zamapean ibil ez gaitezen.
Goazen gai honekin lotura sendoa duen puntu bati atxikitzera. “Gora Euskadi Askatuta” oihukatzean gure aurreko bati baino gehiagori entzunik naiz: “guk eztiagu ikusiko, guk eztiagu horrelakorik ezagutuko”. Eta egia esan, eraginik aski izan du niretzat aspaldian delako esaldi horrek, zeren eta ni neu ere adinez osatzen bainoa eta ez bainuen gure herri honen aurrera bidea hain garbi ikusten. Herria nola mugitzen ari zen ongi ikusten nuen, hori bai, behatz txikarrez bederen bultzatzaile jokatuz gainera, eta horrek benetako bizi poza eman dit urte guztiotan zehar, harik eta Bildu koalizioaren olatua lehertu denean beste milaka askoren baitan bezala niregan ere bizi pozaren emaitzak zartada bikaina izan duelarik.
Olatuak nondik bultzadarik handiena izango eta Gipuzkoatik hain zuzen. Ez da itsasoa hurbil duelako izan, ziur esateko. Nik neuk nahiago nuen Nafarroan lehertu izan balitz, euskaldunok ama berau dugulako eta Gipuzkoa beraren seme baino ez delako. Hori bai, buru oneko semea ageri denez. Donostia eta Foru Diputazioa ez ezik, herririk gehienak aldi berean bereganatu baititu, salbuespen gisa lauzpabost baino ez direlarik geratu PSEren esku eta beste horrenbeste PNVren baitan. Hala berean, ez da esku hutsik gelditu Bildu koalizioa Bizkaian ere, eta ez Nafarroan edota Araban. Bidenabar esan dezadan hemen gol eder bat sartu duela Bilduk. PP Gasteizko alkatetzatik edo Foru Diputaziotik at uztekotan, torizue eta har itzazue gure botoak. Gratis eta musu-truke eman gainera!
Egia da bestalde eta eskertzekoa goitik beheraino Eusko Alkartasunaren eta Alternatibaren partaidetza eta bete-beteko berauen ahalegina. Ez dut duda-muda izpirik hauek bitarteko izan ez balira, aitzakia guztiei arrazoi edo lege itxura emanez, Bildu ez zela aurrera joango, herriaren alde lanean ari den edonor etartzat hartzen ohiturik baitago urteetan, besteak beste, espainol eskuina eta eskuina ez dena.
Oraintxe ere zer grina erakusten ari diren elkar jan beharrean dabiltzan PP eta PSOE alderdi biok eta PNVrekin elkartu nahi bizi-bizian Bildu erabat baztertzeko asmoa erakutsiz. Bilduk ez omen programa izpirik esan eta erabat ezjakintzat baztertu nahirik ikusten ditugu. Ez al du behintzat PNVk horiekin elkartu eta horrelakorik egingo. Ezetz esango nuke eta arrazoi batengatik “etxekoak etxekoekin konpondu behar dugu” aspaldiko esaldia baita gure artean. PNV eskuina dela eta ezker abertzalea ezkerra? Familia batean baino gehiagotan gertatu ohi da aita eskuina eta semea edo alaba ezkerra izatea, ezta? Eta hala ere, bi belaunaldien arteko harremana ez da bidegabea izaten.
Gainerakoan PNV ere beste ijito pare horrekin joan ahal izateko, kontuak ondo atera beharrean gertatzen da, hurrengo hauteskundeetan sekulako jaitsiera bat pairatu nahi ez badu behintzat. Ez dezake horrelakorik egin ene ustetan.
Dena den, atea edo ataka zabaltzeko modua egin du azken batean gure herri honek. Dena ez dugu eskueran oraino. Ongi dakigu. Luzea dugula bideko ibilaldia ere bai. Derrigorreko ditugu zenbait lorpen. Esaterako, Sortu legeztatzea, presoen arazoa, Arnaldo Otegi askatzea, etab, baina sasoian gaude eta eutsi goiari, esan ohi den bezala.