Alubitak ez badira gero! Hitz honek ez dakit gutxi-asko baizik zer esan nahi duen, baina nori aplikatu nahi diodan aski garbi daukat. Kaiku, tentel, mozolo edo horrelakoren bat adierazi nahi izaten dugun hitza da ahotan erabiltzen dugunean. Beste zakarragoren bat ere gogotik luzatuko nioke Rubalcaba jaun prestuari. Gaurkoz, ordea, utz dezadan bere horretan.
Maiatzaren 22an heldu zaizkigun hauteskundeak ditut begien aurrean. Ez guk bakarrik, berek ere bai. Lehenik, Sortu bota dute zaborretara eta orain Bildu, honek legezko diren taldeek osaturiko nortasuna duen arren, non entzuten diogun lupa bat ez baina bi erabiliko dituztela. Non dira aspaldi bateko kontu haiek, alegia armak uzteko eta politika egiteko ate guztiak zabalik izango zituela edozein talde edo alderdik Espainia handiaren legepean eta demokrazia eder honetan? Zer zuri jendea daukagun pentsatzeak era badu lanik asko hemen! Zer azpijoko erabili behar duten ongi baino hobeto ikasita daudela ederki azaltzera ematen dute. Beldurra ere bai nolanahikoa ez dena.
Bai, eta horretaz ongi oharturik egon behar dugu euskaldunok aurrera joko badugu. Esaterako ezker abertzalea legeztatuz gero, badakite neurri batean edo bestean batasun bat egitera joko dutela euskal indarrek eta orduan berek zereginik ez dutela hemen. Ikusi besterik zer nola aztoratu diren eta goxatzeko bidea egin duten ondoren duela gutxi beretako den batek, Egigurenek hain zuzen, zentzu handiz esan duenean, PPrekiko lotura hautsi behar bada ere bide berriak urratzeko garaia etorrita dagoela. Egia, zakur amorratuak bezala dabiltza Espainia guztian alderdi biak eta hemen…, ikusi besterik. Dibortzio klase hau txaloka hartuko dugula garbi daukat. Nik neuk lehenik.
Beldurra izatekoa dute bestetik, 300 hautagai aurkeztu dituela Bilduk alkate, parlamentari eta beste kargudun izateko Hegoaldeko gure lau lurraldetan, horretarako inoiz ezagutu eta egin den entresakarik latzena egin behar izan den arren. Gogorra izan da, dudarik ez dago, berrogei mila lagun kutsatuak direlakoan baztertu beharra, esan nahi baita aurrez zerrendaren batean bere izena atera izana, alkate eta zinegotzi izana eta zer esanik ez delitu izpirik gabe, baina kartzelan egon den bat, edota manifestaldiren batean nabarmendu den bat izanez gero. Hala ere, to pintzotea! esan ohi den bezala.
Ez zien bestetik batere onik egingo aurtengo Korrika jendetsuak izan duen arrakastak ere. Ni neu Urnietakoan izan nintzen partaide haur, gazte eta heldu guztien artean. Hernaniar jendea gertatu zitzaidan deigarri Andoaingo mugaraino ibilaldia egin eta itzuleran berriz, goizeko 5,30etan etxera bidean nola joan ziren ikusita. Trago mingotsa izango dute batetik (Trebiñu-Donostia) hamar egun horietan 600 mila pertsonek parte hartu dutela jakitean eta bestetik, Berlin, Madril eta Bartzelonan berean Korrikak azalpen aski ederra erakutsi duela ikustean. Harro egoteko moduan gaude, hain herri txikia izanik gure Euskal Herri hau halako mugida erakusten ari dela ikusita. Gauza bera gertatzen da presoen arazoan ere.
Nik neuk ez dut asko ulertzen “entrega” mota bat aipatzen dutenean. Entregak musu truk ez dira inoiz egiten, nik dakidanez. Bada, horixe nahi dute edo horren bila dabiltzan itxura guztiak hartzen dizkiet, inon diren nahaste-borraste eta gezurrak hegaztiak airera jaurtikitzen diren moduan botatzen dituztelarik. Dena den, eta gure presoak zer? Usteldu arte eduki behar al dituzte kartzela zuloetan? Eta gehienak pentsa, hutsaren baitan (ideiak, idatziak, lagunartea…) beste kausarik gabe daudela urte luzeetarako kondenaturik. Hori horrela, are arazo larriagotzat daukagu. Isilik? Halaxe uste diat! Ez gaituzte isilduko, ez presoen arazoan eta ez bestetan.
Duela egun batzuk etxeratu dira, batetik Sagardui “Gatza” euskal Nelson Mandela omen, 31 urtetan zehar hainbat presondegi frogatu ondoan, eta Troitiño bestetik. Honek 24 urte pasatu ditu barruan. Berriz eramango ote duten hotsa zabaldu dute. Guk Galindo eta konpainia eraman ditzatela eskatuko dugu orduan.