Trebiñu

Arabar ez garenontzat entzutez ezaguna bazaigu ere Trebiñu eskualdea, arabarrentzat gertatzen da benetan esanahi handiko eta errealitate makurra, izan ere Arabaren barne, beraren erdi-erdian, Gasteiztik 9 kilometrotara baino ez dagoen eskualdea baita. Esan beharrik bertako biztanleen gehiengoa arabar sentitzen dela, arabar izan nahi duela eta…, euskaldun, jakina. Eta halaz ere Gaztelak (Burgos) bere jabetzaren menpe daukala aitortu behar. Hara, 1998an trebiñuarrek erreferenduma deitu herri kontsulta esaten dena egin zuten, eta %70ek arabar izatea nahi zuela erakutsi ere bai, baina nola, ordea, Euskal Herriari horrelako mokadu bat eman? Oraingoz horretan dago, beraz, Trebiñuren auzia.

Nik neuk uste dudanez astindu ederra jasoko du Trebiñuren izenak eta aldi berean izanak datozen egunotan. Zer dela eta? Aurtengo Korrikak bere hastapeneko ekintza guztiak hortxe programatu dituelako. Euskaldun jende multzo bat bilduko du bertan ekintza horrek, duda-muda handirik gabe. Gaurgero ez da inola arrotza izango Trebiñu euskal zentzu apur bat duenarentzat. Ikusiko duzu Aste Santuan edo udako oporretan berau bisitatzeko grina nola sortaraziko duen gure arteko jende askoren baitan. Niri deigarri gertatu zait trebiñuarrek berek hala eskatuta izango duela Korrikak aurten konderri hura abiapuntu. Gainera baimen guztiak lortu omen dituzte bertako agintariengandik (ezkerra nahiz eskuina izan) beharrezko baimen guztiak. Poza izatekoa ere ez bada gero jokabide hau. Ea, ea, aurre-pauso bat bilakatzen den hau ere!

Korrikak, bestetik,  17. edizioa burutuko du oraingoan, Trebiñu-Donostia hain zuzen, duela 31 urte, 1980 urtean, bere lehen ibilaldia gauzatu zuenetik. Ezin esan lan isila bezain bikaina egin ez duenik AEK erakundeak urte zail guztiotan zehar, honako bi bide nagusiok urratu dituelarik: batetik alfabetatzea, euskaraz jakin bai baina irakurtzen eta idazten gai ez izanik horretan trebatzeko gaitasuna ematea, eta euskalduntzea bestea, euskara ez dakienari euskaraz mintzatzen irakastea. Egia, euskararen munduan zeregin gaitza daukagu oraindik, baina egin dena estimurik handienez ikusten ere ahalegindu behar dugu euskaldunok. Ez dago horretarako txalo bila ibili beharrik, baina ez egin dena gutxiesten ibiltzerik ere.

Beti oroitzen naiz alfabetatze eta euskalduntze ideiak jaso eta nola ekin genion zeregin horri Goierri aldean, eta, talde lana bitarteko, lehen urratsak nola ematen hasi ginen. Oroitzen naiz Rikardo Arregi zenaren ahotik bildu nituela nik ideia horiek eta batere luzapenetan ibili gabe elkar buruberotu genuela. Oroitzen naiz halaber nola euskaltzain eta arduradun talde batek, Imanol Berriatua frantziskotar maisuaren gidaritzapean Israelera bidaia egin genuen. Jesusen urrats batzuk jarraitu ahal izan genituen (Belen, Nazaret, Kalbario mendia…), baina kasu hartan helburu nagusia wulpanak (euskaltegiak guretzat) eta kibutzak bisitatzea eta arakatzea  izan zen. Erabat indarberriturik etorri ginen handik eta guretako bakoitza eskuak betean sartu zen bere eskualdean euskaltegien antolaketaren zereginean. Harrezkero, Ikastolak nahiz Euskaltegiak zutabe nagusi bilakatu dira euskararen alde gure herri honetan, Irratia, Telebista, Kazetaritza edo Literatura bilakatu diren bezala. Badugu, beraz, etsipenak har ez gaitzan oinarri sendorik ere eta…, aurrerantz irmoki jotzeko bidea era berean.

Korrikalari franko izango ditu aurtengoak ere gau eta egun hamar egunetan mugituko den Euskal Herriko zoko-moko guztien ibilaldian. Beharrik, derrigorreko baititu euskalduntze lanak herritarren arnasa eta laguntza ezberdinak. Korrika istant batean  pasatuko da, baina herri bakoitzak zenbait ekintza berezi antolatzeko modua egin eta egingo du. Nik neuk Urnietaren kasua aipatuko dut, baina Andoain bera ez da atzera geldituko.

Hasteko, hilaren 13an, goizeko 05:00etan, iritsiko omen Korrika Mandazubiko biribilgunera eta hori dela bide, ordu erdi bat lehenagotik Aballarri tabernaren aurrean adierazita dago gosari txikia, soinua eta jai giroa ohea utzita kaleratu nahi duen ororentzat. Lekukoa Andoaingoan entregatuz. Ongi irizten al diozu? Zatoz zu ere goiz horretan kale aldera, oraintxetik gonbidaturik zaude eta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!