Sokatira

Erabiltzailearen aurpegia Hiazinto Fernandorena 2011ko mar. 23a, 20:10

Herri kirol ezaguna zaigu zinez euskaldunoi sokatira. Haurrak, gazteak helduak edo adinekoak izan, guztiz gogoko gertatzen zaigun jokoa da, besteak beste, guretzat. Eta kirola albo batera, aspaldiko urteetan ezik, mende luzeetan berebat herri honek ondo ezagutzen duen sokatira zurrun eta mingarriago bat bizi du. Erdian soka, E. Herria eta Espainia alde banatan. Herrialde txikia edo koxkorra gurea baina bizkorra eta bihurria biziari begi argiz zuzentzen zaion gaztetxo baten antzera. Arranditsua bestea, inperio handia izana eta gaur egun makala nahiz jokaera traketsekoa ageri zaiguna. Ezkerra eta eskuina elkarrekin ezkonduta ere nahikoa lanekin dabilena. Esan gabe doa edonork, gure artean behintzat, egiazta dezakeen errealitatea dela hau.

Goazen urrats bat edo beste aurrerantz jotzera. Hasteko, sokatira horretan beren aldera tiradizo handirik egin ez dutenak ere badira azkenaldian. Aski nabarmenak gertatu dira, esaterako, Egigurenen adierazpenak, nahiz eta gero zertxobait goxatu dituen. Eta berdin beste neurri batean Patxi Lopez lehendakariak Madrilen esanak ere. Bazen garaia! esanez bezala, herriak gogo onez hartu ditu bion ala bion jarrerak.

Bestetik,  Sortu alderdia dela eta ez dela a zer nolako porrusalda ipini zaien mahai gainean! Aspaldiko urteetan zehar aski garbi erakusten bazuten ere terrorismoaren fenomenoaz nola baliatzen ziren, ohartu dira jada larrugorri bizian geratzen ari zaiela beren argudio ezinbestekoa.

Joko polita egin ahal izan dute espainiar (eta hemengo zenbait) prentsa eta komunikabideei burua jan eta muntaiarik bikainena egiteko. Baina oharturik daude joko hori gastatzen ari zailea. Zergatik, bada, bestela halako beldurra diote aldaketari? Alegia, ezker abertzalea legeztatzeari? Demokraziari buruz hain prediku ederrak egiten dituztela ikusita zeren beldur ote dira alderdi berri bat legeztatzea eskuartean jarri zaien une honetan?

Nik neuk horien beldurra, izan eta egon aditz bi hauen gorabeheran interpretatzen dut. Izan? Ez gara espainolak, euskaldunak baizik. Egon? Espainian gaude, baina geroz gutxiago, zeren eta inoiz baino irmoago kokaturik baititugu oinak gure lurraldearen gainean. Aresti poeta ospetsuaren hitzak datozkit burura: “Aitaren etxea defendatuko dut…”. Defendatuko dut, bai, ez hitzez soilik, bihotzez eta egitez. Bakar eta elkar lanean, gainera. Euskaldunok, zer nolabait elkar hartu beharrean aurkitzen gara-eta, batera jokatuz  bide berriak urratzekotan.

Argia astekariak egunotako alean Karlos Garaikoetxeari eginiko elkarrizketa apal eta mamitsua dakar eta beste gauza askoren artean zera zioen honek: “bizirautetik bizitzera hurrengo pausoa emateko garaia dela”. Bizi-iraun? Besterik egin al dugu orain arte?, diot nik. Erasoa erasoaren gainean, errepresioa izan baita hauen demokraziaren ezaugarri nagusia guretzat. Eta bidenabar esango dut errepresioaren eszenarik nabarmenena gure preso eta familiakoen sufrimendua dela, noski, une honetan.

Gauza jakina da ostiral iluntzetako gure ibilia, herrian ez bada, Hernani edo Donostiako presoen enkarteladan. Jendea ilara bitan, kartel itsusitua esku batean eta isil eta mutu aurrera kalejiran. Hona bizi-iraupenaren seinale garbietariko bat. Pairamena ere badela esango nuke eta ez txikia batzuena behintzat. Burutik kendu ezinik ibiltzen naiz behin eta berritan, ia 800 preso herri txiki honek Europako herrialde ezberdinetan sakabanaturik dauzkala pentsatuz. Euskal Herriko kartzeletan soilik dozena erdi bat diotenez. Armadun harrapatu dituzte batzuk, baina hamarretatik bederatzi kalkulatzen dira ideiak baino harrapatu ez dizkiotenen kopurua, eta ideiak juzgatuz kartzela zulora bota, poliziaren eskuetan bost egunetako inkomunikazioa eta tortura lotsagabeenak pairatu ondoan. Eta orain zer? Orain sasoi ederra, etorri edo hobe ekarri duguna, errepresioaren aurka eta independentziaren aldeko jokoan buru-belarri sartzeko. Irabaziko dugu! Eta… Zutik Euskal Herria!  Hona aspaldi honetan gure herria oihuka erakusten ari zaigun jomugaren atal bi aski sendoak direnak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!