Edonor ohartuko da herri-kantu zahar bateko esaldia dela izenburu hau. Hemen, hegoaldean pipa erretzea eta zigarroa edo purua erretzea esaten dugun bezala gure Iparraldean gauza bera esateko, adibidez lagun batek beste bati zigarroa eskaintzean gutxi-asko gisa honetan mintzatzen zaio: “Pipatzen al duzu”? edo “Nahi duzu pipatu”? Guk erre esaten badugu, haiek pipatu esaten dute. Eta egia esan, gauza bitxia gertatzen da edo behintzat niri aspaldi batean, lehenbizikoz hori entzundakoan, guztiz deigarri gertatu zitzaidala diot.
Hala ere, gaur tabakoaren legea jorratu nahi dut lantxo honetan. A zer nolako iskanbila sortu duen bazter hauetan delako lege berri honek! Erretzaileen artean ere bai, baina tabernari eta ostalarien artean bereziki. Erretzaileei dagokienean, bazaude taberna baten barruan lagunarterik hoberenean, zigarrotxo bat erretzea bururatzen zaizu eta kanpora irten behar euria goitik behera edo neguaren bihotzean izan. Makurrena, ordea, tabernaria bera gertatu da, poliziaren zeregina ezarri diotelako goizetik gauera bizkar gainera.
Egia da leku itxi batean gauza nardagarria gertatzen dela zigarroaren kea, baina betidanik horrela ezagutu dugunez, ez zitzaigun sobera arraroa egiten hein batean behintzat. Gaur egun, osasuna zaintzeko asmotan edo, erretzeari jende askok utzi diola ere begi bistan dagoen gauza da. Nik neuk duela urte mordo bat, Hernaniko Udaletxean lanean nenbilela hiru lagunek (bi gizonezko eta emakumezkoa) elkarri kaskoa berotu eta erretzeari utzi genion. Bi gizonezkoak behintzat, zeren eta emakumezkoak erretzen jarraitzen duela jakinik bainago.
Ageriko ondorio bat izan duela berebat lege honek edonork baiezta lezake hainbat tabernetako atariak ikusita. Nola jantzi edo hornitu dira gero han-hemenka horietako hainbat atari! Hautsontzi zabal ederrak, eserita egoteko inon diren aulki politenak, mahai zuti eta pinpirinak, barrika kozkor txukunak, etab. ikus daitezke nonahi. Bestetik, frontoietako jendea dut gogoan, pilota partida bat edo beste ikusiz purutxo bat erre eta patxada ederrean arratsalde pasa bertaratu ohi direnak eta oraingo horien sufrimendua. Gauza bera, esate baterako, ezkontza ospakizun batean bazkari bapoa egin eta solasaldi ederrean puru kozkor bat ezin erre?
Dena den, oihurik lazgarrienak ostalariek jo dituzte joan den aurreko astean Euskalduna Jauregian burutu duten biltzarrean. Lehenengo eta behin zera zioten aho betean: “Hau ez da tabakoaren kontrako legea, ostalarien kontrakoa baizik”. Eta mehatxu bat, besteak beste, egin diote gobernuari, maiatzaren 22an, hauteskunde egunean itxita edukiko dituztela ostatuak oro. Han baieztatu dutenez, krisialdiak ekarri dien galeraz aparte, jaitsiera lotsagabe baten aurrean gertatzen omen dira.
Inon diren ateraldi klase guztiak jaurtiki zituzten agidanez han bildutako ostalariek. Hala nola bakar batzuk aipatzekotan. Bazkari edo afari bat egin ondoan bertan ezin pipatu denez, jendeak ospa egiten duela. Lehen gosaltzera hurbiltzen ziren askok eta askok, aldi berean zigarro bat errez, etxean gosaltzen duela orain. Haurren jolasleku bilatu direla zenbait alditan, gurasoak zigarroa erreko badute kanporatzen direlako. Arratsaldetan purutxo bat errez bertaratzeko ohitura zutenak aldendu egin direla, etabar luzea.
Arrosario honek misterio gehiagorik ere bereganatu du azken egunotan. Politiko horiek bat batean erabakiak hartzeko erraztasunik handienak eskuratzeko bidea egin dute nonbait. Autobideetan abiadura (120-110) eraistekoa bat. Ekologistak ez dira batere haserre. Bakarrik, presaka hartutako erabakia dela aurpegiratzen diote gobernuari eta beronen zergatia ere ez dela kutsadura arazoa. Besterik baizik. Argi eta garbi esanda, petrolioarekin gaineratu zaion kaskarrekoa, horra. Kaleetako argiteriaren murrizketa ere arrasto beretik dator adierazi dutenez. Eta neuk diot, hemendik aurrera gerrikoa estutu beharrean izango garen itxura hartzen diodala honi guztiari.